Aurreko bi urteetan, Nafarroako Erresumaren konkisten mugarriei buruzko hitzaldiak egin zituen Nabarraldeko Oñatiko taldeak, eta erresuma horren gazteluak izango dira aurtengo jardunaldien ardatz. "258 zenbatu dituzte. Euskal Herritik kanpo ikusten dira gazteluak, baina hemengoak gutxi daude zutik; Olitekoa, bat aipatzearren. Oñatitik gertu zegoenetako bat, esaterako, Atxorrotxekoa, Eskoriatzan, suntsituta dago erabat. Iñaki Sagredok, adibidez, 20 urtetik gora daramatza hemengo gazteluei buruzko informazioa topatzen artxiboetan. Droneak erabilita airetik ere irudi asko hartu ditu. Bera izango da aurtengo jardunaldietako hizlarietako bat", aurreratu du saioak antolatzen ibili den Iñaki Idigoras oñatiarrak.
Paradigmen azalpena
Datozen bi asteetan egongo den bigarren hitzaldia Angel Rekaldek eta Luis Maria Martinez Garatek eskainiko dute. "Errealitate bat dago eta hori interpretatzeko mapak dira paradigmak, modu batera esateko. Forala, bizkaitarra eta nafarra egon dira, eta azken horrek puzzlea osatzeko zuloak bete ditu. Hori izango da bi hizlari hauen gaia".
Aurtengo jardunaldietan, baina, ikasleendako propio izango diren bisita gidatuak antolatu dituzte. Izan ere, datorren astelehenetik hileko azken egunera arte, erakusketa bat egongo da zabalik kultura etxean, eta aurten, herritarrendako bisita irekiak ez ezik, DBH-4ko ikasleendako ere egingo dituzte. Herriko hiru ikastetxeekin harremanetan jarri dira antolatzaileak, eta dagoeneko lotuta dituzte bisita horiek. "Lur eremu batean sortzen diren herria, kultura, erakundeak... jasotzen ditu erakusketak. Horren eboluzioa nolakoa izan den urteetan. Mendez mende historia nolakoa izan den azalduko du Nabarraldeko Beñi Agirrek, mapez lagunduta".
Nabarralde proiektua sostengatzen duten hainbat oñatiar elkartu eta sostengu ekonomiko horren truke etxean jasotzen duten historia lanketa eta astintze hori herritarrei ere zabaltzea pentsatu zuten. Horrela, antzerako jardunaldiak antolatzen hasi ziren. Hirugarrena da aurtengoa.
Agendan
Antolatu dituzten hitzaldiak noiz diren eta erakusketaren ordutegia eta bisita gidatuen egunak, agendan datoz.