Mikel Ruiz: "Sekulakoa da atleta onenen artean lehiatzea"

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko urt. 14a, 09:01
Mikel Ruiz atleta, domekan Elgoibarren izan zen proban. (Argazkia: Karlos Baleztena).

10 urterekin atletismoan hasitako bidea hartu du berriro Mikel Ruiz atletak, eta, domekan Elgoibarko krosean helburua bete ez bazuen ere, ilusioz begiratzen dio etorkizunari.

Joan den asteburuan, Elgoibarko Juan Muguerza Nazioarteko Krosa jokatu zen, eta baita masterreko pista estaliko Euskadiko txapelketa ere. Marisol Ramos oñatiarrak Euskadiko txapelketa irabazi zuen 3.000 metroko proban, M60 mailan. Eta Juan Muguerza memorialean parte hartu zuten Aloña Mendiko Xabier Luis Urzelaik, Martin Uriartek, Anastasio Gomezek eta Mikel Ruizek. Azken horrek ezin izan zuen bere helburua bete, baina lasterketara ilusio bereziz joan zen.

Nola joan zen zuretzako domekako Elgoibarko krosa?

Goi mailako atletak etortzen dira, eta eurekin lehiatzea sekulakoa da. Justu COVID-19a pasa dut abenduan, eta horren ondorioz ezin izan naiz nire sasoi onenean joan. Nire helburua zen lehenengoak ez doblatzea; izan ere, Elgoibarkoan lehenengoak harrapatzen zaituenean, erretiratu egin behar duzu. Karrera bukatu ahal izatea zen asmoa, eta uste dut sasoi onean joan izan banintz hori egiteko gai izango nintzela, baina oraingoan ez dut lortu. Zortzigarren kilometroan harrapatu ninduten.

Zerk bultzatuta berrekin diozu atletismoari?

10 urte nituenetik 18ra bitartean atletismoan ibili nintzen. Gero, herri lasterketak egiten ibili izan naiz: Arrasate-Oñati, Behobia-Donostia eta horrelakoak. Triatloi batzuk ere bai. Atletismorako gogoa neukan, eta, egia esan, berriro gogoz hartu nuen pandemian. Izan ere, lasterketak bertan behera gelditu ziren eta irten zen aukera bat pistan lehiatzeko; hainbat neurrirekin, lasterketak seinaka egiten ziren, karrera egin eta irten egiten zinen... Protokolo batekin, egin zitekeen. Eta serio hor hasi nintzen berriro atletismoan; krosetan eta pistan.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Oso ona, oso oroitzapen politak etorri zaizkit. Gainera, nire aita Placido zen atletismoko entrenatzailea umeak ginenean, eta orain berriz da bera entrenatzaile; hala, berak ere bazeukan sarrera nirekin pistara joateko, eta biok batera ibili gara, berriro aita-semeak denborak hartzen, entrenamenduak egiten... Sekulako esperientzia da.

Nola entrenatzen zara?

Arrasateko pistara joaten naiz astean behin. Bestela, hemen, herrian, ahal den moduan moldatzen gara; Otadui zuhaiztian egiten ditugu serieak, adibidez. Edota baita Mondragon Unibertsitateko fakultate kanpoaldean ere. Orain, gainera, ematen du Udala nahiko serio dabilela Urrutxun proiekturen bat egiteko. Izan ere, egia da Arrasaten, adibidez, ikusten dudala atletismoan ume pila bat dabiltzala, pistak berak erakarri egiten duelako, eta, horrez gain, altuera-jauziak egiteko aukera daukate, esprintak egitekoa, hesiak ere badituzte... Eta Oñatin umeak atletismoan desanimatu egiten dira, ez delako erakargarria. Garrantzitsua da guretzako entrenatzeko, baina, gehienbat, eskola egiteko da inportantea.

Azkenengo Behobia-Donostian, Debagoieneko bigarren gizonezko azkarrena izan zinen.

Urtero gustatzen zait egitea, eta, adinarekin, karrera luze horiek etortzen zaizkit hobeto, eta sekulako lasterketa irten zitzaidan: ordubete eta hamar minutu egitea lortu nuen.

Zein helburu dituzu etorkizunerako?

Idiazabalgo krosera joango naiz hilaren 30ean, erritmoa hartzera. Otsailaren 6an Donostiako Uliako 10 KM Gimnastikara joateko gogoz nago, ea denbora ona egiten dudan eta sailkatu naitekeen Euskadikorako. Tartean, pista estalira gerturatzea ere gustatuko litzaidake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak