Atenasen egin du astebete Maialen Altuna oñatiarrak errefuxiatuei laguntzen. "Etsita" ikusi ditu hango herritarrak: "Hemendik, kanpotik, heldutako materiala banatzen ibili naiz furgoneta batekin. Alde batean kargatu, eta behar duten guneetan deskargatu. Greziar bat da koordinatzailea eta kataluniar bat eta hirurok aritu gara horretan, hainbat afganiarrekin batera. Inpotentzia handia sentitu dut. Badirudi bi pale janari asko dela (Hotz Oñatik emandako eta batutako diruarekin erosita) baina han ikusten duzu berehala banatzen dela hori, laguntza handia behar dute".
Materiala sailkatuta dutela dio: "Badaude haurrendako ume-kotxeak, fardelak, arropa, maskarak, janaria... Atenas hiriburuan badago Oñatiko elkartasun biltegiaren antzerako gune bat ere eta hara joaten dira pertsona asko behar dutena hartzera. Beste elkarte batzuetako boluntarioak asialdia lantzen dute eurekin, adibidez, laguntza juridikoa ematen dutenak ere badira... Laguntza badago, baina egoera gogorra da".
Begirada tristeak
Hango herritarren aurpegietan begirada tristeak ikusi dituela ere badio: "Afganiarrak, pakistandarrak eta siriarrak dira errefuxiatu asko, oraindik ere ari dira gehiago iristen, eta esperantza galduta dutela ikusi dut. Kalean jende asko ikusten da, adibidez, kartoiak batzen edo zabor edukiontzietan begiratzen. Hobera joateko gogoari eusten diote, baina egoera zaila da. Arrazismoa dago, mafiak ere badaude...".
2019an Lesbosen izan zen Altuna, Zaporeak elkartearekin, eta pandemiak egoera zaildu duela ere konturatu da bidaia honetan. "Gehienek Alemaniara joan gura dute baina tramite horiek, adibidez, asko atzeratu dira sasoi honetan. Kanpalekuetatik ateratzeko murrizketak ere handiagoak dira orain. Maskarak ondo ez erabiltzearren isunak jartzen dituzte kalean; 300 eurokoa jarri zioten lagun bati".