Formula aldatuta ari dira jokatzen beteranoak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko abe. 6a, 14:25

Txuskos eta Frakas Bravas taldeko jokalarian partidua jokatzen Azkoagainen (Argazkia: Gaizka Irizar).

Danek danen aurka jokatu beharrean, bi taldetan banatu dute lehen fasea eta bakoitzeko hiru onenek jokatuko dute, bigarrenean, ligako finala, eta kopakoa beste laurek. Hamar talde dira eta asteburuetan bi partidu jokatzen dituzte Azkoagainen.

Hamar talde, azken denboraldian baino bat gehiago, dira lehian aurtengo beteranoen futbol ligan. Gainera, aldatu egin dute jokoaren formula: talde guztiek elkarren aurka jokatu beharrean, bi talde egin dituzte lehen faserako. Horko onenek liga jokatuko dute bigarrenean eta kopa, berriz, besteek.

Urritik apirilera

Lehengo erara, jokatu behar zituzten partidu kopurua handiagoa zen, eta, askotan, jende, jokalari, faltan ibiltzen ziren taldeak. Eta hori ekiditeko hartu dute lehen fasea bi taldetan jokatzeko erabakia. "Modu honetara, partidu gutxiago izango ditugu, denboraldia ez da askorik luzatuko eta denok lasaiago ibiltzeko moduan egongo gara. Gainerako funtzionamendua berdina da: astean talde batek izaten du asteburuko neurketak antolatzeko ardura; txandaka egingo da hori. Eta saiatzen gara asteburu luzea edo jaiegunak datozenetan jai hartzen; asteburu luze honetan, esaterako, ez dugu jokatuko", dio zuzendaritzan dagoen Iker Jimenezek. Aloña Mendirekin berba egin eta adostuta, bi partidu jokatzen dituzte asteburuetan Azkoagainen: "Egun argiz, ahal dala". Lehen fasea urtarrileko hirugarren asteburuan bukatuko da. Segidan, talde bakoitzeko lehen hiru sailkatuek ligako azken partiduak jokatuko dituzte eta beste laurek, kopakoak. Gauzak ondo bidean, apirilaren hasieran bukatuko dute aurtengo denboraldia.

1970eko hamarkada ezkero

Gaztetxoek osatutako talde berri bat sartu da aurten txapelketa horretan, eta, hala, hamar talde ari dira lehian. Kopuru hori mantendu egin da, gutxi gorabehera, azken urte hauetan guztietan, baina hogeitik gora taldek jokatutako txapelketak ere jokatu dituzte. Anton Sierra beteranoak gogoratzen du, esaterako, 25 talde izan zirela 2002- 2001 denboraldian; "2014a ezkero, baina –hamasei talde ziren orduan– txikitzen, jaisten, joan da kopurua".

1970eko hamarkada amaiera edo 1980ko hasiera ezkero jokatzen da Oñatin beteranoen futbol txapelketa. Harrezkero, birritan eten da: 1987-1988an, San Lorentzoko eta Larrañako obrengatik; eta 20219-2020 denboraldian, pandemiagatik. Larrañako futbol zelaian jokatzen zituzten beteranoen partiduak hasieran. "Denek elkarren kontra jokatzen genuen orduan. 1991tik 2008ra bitartean, berriz, Ibarran izaten ziren partiduak, eta orduan, bi talde egiten ziren lehen faserako. Ordutik hona, Azkoagainen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak