Uxue Bolinaga Debagoieneko Ospitaleko Otorrinolaringologiako zerbitzuburuak azaldu duenez, jardunaldiaren helburua honakoa izan da: "Aztertzea COVID-19ak utzi duen egoera berri honetan otorrinolaringologia arloan ze aurrerapen eta ze ikerketa berri egin diren, gure zein pazienteen segurtasuna bermatzeko".
Miriam Mitxelena Debagoieneko Ospitaleko otorrinoa izan da hitza hartu duenetako bat, eta pandemiaren eraginez haien egunerokoa nola aldatu den azaldu du. "Orain gehiago babestu behar izaten gara, gutxieneko segurtasun distantzia ez dugulako mantentzen pazienteekin eta kutsatzeko arriskua daukagulako. Izan ere, konfinamendu garaian eman zuten telefonoz arreta, baina gaur egun aurrez aurre tratatzen dituzte pazienteak".
COVID-19a eta usaimena
Bestalde, Mallorcako Son Espases ospitaleko otorrinolaringologo Santiago Quer ere izan da jardunaldian, eta sudurreko patologien inguruan hitz egin du. "Zehazki, sudurreko arazoak izan ditut berbagai, baita horiei aurre egiteko tratamendu berriak ere. Tratamendu horiek, kasu askotan, esperimentalak dira, erabilera klinikorako ateratzen ari direnak".
Horrez gain, usaimenaren patologiaz ere hitz egin du. "Izan ere, pertsona askok eta askok galdu dute usaimena COVID-19aren ondorioz eta azaldu dut nola ari garen tratatzen mota horretako arazoak".
Oraindik ere ikertzen ari den gai bat da. "Beste koronabirus mota batzuek halako arazoak eragiten dituztela bagenekien, baina COVID-19ari buruzko beste gauza asko falta zaizkigu jakiteko, etengabeko eboluzioa daukalako". Querrek azaldu duenez, birusak nerbio-ehunarekiko gosea du, eta horregatik galdu ohi da usaimena. "Angiotensinaren entzima bihurgailuaren hartzailean finkatzen da".
Pazienteen gehiengoak usaimena berreskuratzen duela nabarmendu du, baina badaudela bestelako kasuak ere, COVID iraunkorra dutenak, esaterako. "Horiek ez dute berreskuratzen eta usaimena galtzea arazo handiegia ez dela pentsa dezakegun arren, bada. Pentsa, adibidez, sukaldari batentzat arazo handia da usaimena galtzea".
Usaimen galerari aurre egiteko tratamendu aurreratuena, gaur-gaurkoz, usain-errehabilitazioa dela dio Querrek, eta pazienteak "nahiko pozik" geratzen ari direla tratamendu horrekin. "Diluitutako zortzi esentzia ezberdin ematen zaie pazienteei, eta egunean bi aldiz usainarazi. Usain gogorregia ere ez da komeni, nekagarria izan daitekeelako", gaineratu du.