'Appa hi!': tresna berria Oñatiko hitanoa ikasteko

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko aza. 25a, 09:11

'Hikaldixa' egingo da egubakoitzetik abenduaren 5era bitartean, eta, antolatu dituzten  ekitaldiez gain, dagoeneko eskuko telefonoetan jaitsi daitekeen aplikazio hau prestatu  dute. Sariak egongo dira, bestalde, herrian salerosketak euskaraz eginez gero.

Oñatiko hitanoa ikasteko aplikazioa da Appa hi! Bost astez, egunero ariketa bat jarriko du, eta azalpenak eta aditz horren adibideak datozen bideoak ere eskainiko ditu. "35 egunean, egunero pilula batean, informa-zioa ematen da: azalpena, marrazkiak –Mirari Sargazazurenak– eta bideoak, adibideekin –Ingo Xonau! taldeak oñatiarrei egindako grabazioak–. Galdera edo ariketa bat ere etorriko da. Aukera ezberdinak eskainiko zaizkio erabiltzaileari, eta, zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko moduan egongo da. Erantzuna okerra bada, berriz saiatu ahal da. Bost maila daude, guztira. Bakoitzak bere erritmora jolas eta ikas dezake", azaldu du, martitzenean egindako aurkezpenean, Ingo Xonau! egitasmoko koordinatzaile eta Badihardugu Euskal Elkarteko ordezkari Idoia Etxeberriak.

Toka zein noka

Bihartik, azaroak 26, abenduaren 5era bitartean egingo duten Hikaldixa ekimenaren barruan aurkeztu du eskuko telefonoetarako aplikazio hori Oñatiko Udaleko Euskara Departamentuak, Oñatiko hitanoa biziberritzeko asmoz sortutako Ingo Xonau! proiektuaren baitan. Toka zein noka praktikatzeko eta ikasteko aukera eskaintzen duen aplika- zioa da. Badiharduguk garatu du, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean, eta Udalari esker. Aplikazioa doakoa da. Dagoeneko jaitsi daiteke Android gailuetan, eta iPhoneetan laster instalatu ahal izango da.

Hika bertso saioa domekan

Aplikazioaz gain, beste ekintza batzuk ere antolatu dituzte Hikaldixa-ren barruan; domeka eguerdian gaztelekuan egingo den hika bertso saioa tartean. Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze arituko dira Mirari Sagarzazuk jarritako gaiei buruz bertsotan. Doan izango da eta gonbidapenak aurrez hartu behar dira, Txokolateixan edo udal webgunean. Solasaldia, musika emanaldia, antzerkia eta hika-triki-poteoa ere egongo dira abenduaren 5era bitartean.

Argazkia, 688 62 11 42 telefonora

Euskararen Eguna da abendua-ren 3a, eta hor bukatu ohi da Euskaraldiak proposatutako ariketa. Aurten ez da horrelakorik egongo, baina hizkuntza ohiturak ez galtzeko ekimenak antolatu dituzte hainbat eragilek, eta Oñatin antolatutako Hikaldixa testuinguru horretan dator. Topaguneak, esaterako, 0 eta 12 urteko haurren aurrean helduek euskaraz egiteko ariketa proposatu du, Haurren aurrean helduok heldu izeneko ekimenarekin. Oñatik bat egin du ekimen horrekin, eta baita Eusko Jaurlaritzak eta Uemak, establezimenduetan salerosketak euskaraz egiteko sustatutako zozketarekin ere. 100 euroko balioa duten sei sari emango ditu Udalak. Horretarako, eroslea eta saltzailea agertzen diren argazki bat bidali behar da, abenduaren 10era bitartean, Whatsappez, 688 62 11 42 zenbakira. Argazki sarituan agertzen den erosleak 100 euroko balioa duen denda horretako produktu sorta irabaziko du; dendariari Udalak emango dizkio 100 euroak.

Iñaki Olalde, Idoia Etxeberria, Xabier Zabaleta eta Ainhoa Galdos martitzeneko aurkezpenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak