Pandemia hasi zenez geroztik lehen lehiaketa –era presentzialean, behintzat– izango dute Avilesekoa Ganbara abesbatzako kideek. Beste lau korurekin lehiatuko dira Asturiasen; hauek dira: Nafarroako Aizaga abesbatza eta Bizkaiko Leioa Kantika Korala, Leongo Angel Barja abesbatza eta Madrilgo Voces Para La Convivencia deiturikoa.
Parte-hartzaileen mailari eta lorpenei dagokienez: Aizaga abesbatza Tolosako Nazioarteko Lehiaketan euskal obra baten interpretazio onenaren saria irabazitakoa da; nazioartean prestigio handien duten gazteen koruen artean dago Leioakoa; Avileseko lehiaketa irabaztea zer den badaki Leongo abesbatzak ere –2006an eta 2014an; 2010ean, bigarren–; eta hainbat sari jasotakoa da Madrilgoa, hezkuntza arlokoak ere bai.
"Hiru urte hauetan jende berria sartu da, eta 2022an Bulgariara lehiatzera joatekoak garenez, iruditzen zitzaigun aurrez halako lehiaketa bat egitea ondo zetorrela, batez ere jende berriarentzako-eta, lehiaketa bati eskua hartzeko", dio Aitor Biain zuzendariak, izango dituzten lehiakideei buruz hitz egiten segituz: "Egongo diren taldeak maila handikoak dira, eta nahikoa lehiatua izango da. Baina gu gogotsu goaz. Lana ondo egin dugu. Azken hiru hilabeteotan nahikotxo proiektu izan ditugu, eta denari aurre egin behar izan diogu. Baina gauzak ondo prestatuta goaz, eta ilusioz eta gogoz".
Lau obra
Lehiaketan parte hartuko duten abesbatzek obra erlijioso bat eta Asturiasko lan bat interpretatu beharko dituzte –eurek aukeratzen dituztenak–, eta bakoitzak erabakitako motako beste bi lan. Ganbara izango da jaialdiari hasiera emango diona, bihar –zapatua– 19:00etan, eta ondorengo lanek osatuko dute oñatiarren errepertorioa: Josef Gabriel Rheinberger-en Agnus dei, Albert Alcarazen Fariñona y Marañueles, Claude Debussyren Dieu! qu'il la fait bon regarder eta William Byrden Laudibus in sanctis. "Saiatu garena da estilo eta garai desberdinetako piezak aukeratzen. Daramagu pieza barroko bat, folkloreko beste bat, erromantiko bat, eta inpresionista bestea", dio Biainek.
Lehiaketako hiru abesbatza onenek 2.000, 1.000 eta 750 euroko sariak eskuratuko dituzte, hurrenez hurren, garaikurraz gain; horrekin batera, publikoaren saria egongo da, 250 eurokoa, eta Asturiasko Abesbatzen Federazioak lurraldeko obra ondoen interpretatzen duenari emango dion garaikurra ere bai.