Iazko etenaren ostean, joan den domekan jokatu zen Behobia-Donostia lasterketa entzutetsua, eta Saioa Arkonadak bazuen helburu bat: duela bi urte egin zuen marka hobetzea. Ordubete eta hogei minutuko denbora hobetu nahi zuen, eta minutu bat gutxiago eginda helmugaratu zen.
Beste behin, bailarako emakumezko azkarrena izan zara Behobia-Donostian. Zorionak!
Aurretik neukan marka hobetu nahi nuen, eta horretara joan nintzen. 1.20.20ko denbora egin nuen duela bi urteko lasterketan, eta banekien ondo prestatuta nengoela. Izan ere, nire ohiko erritmoak hobetzen nenbilen aurretik izan naizen beste lasterketa batzuetan; Donostian izaten den Hiru Hondartzetako Krosean eta 15 Kilometroko Lasterketan, esaterako. Gertatzen dena da Behobia-Donostia ez dela beste lasterketa horiek bezalakoa; gutxi gorabehera, lauak eta erritmo konstante baten joateko modukoak. Behobia-Donostia gorabeheratsua da, muskularki hauts eginda bukatzen duzu... Orduan, arriskatzera joan nintzen, eta ondo irten zen. Oso pozik nago, nire marka pertsonala ia minutu bat hobetu nuelako, 1.19.30 eginda. Adinean ere aurrera goaz, eta ez nuen uste...
Zein sentsaziorekin bukatu zenuen?
Lasterketa bukatu nuen dena emanda. Urtero gogorra egiten zait, batez ere, Zurriola hiribideko azken zati horretatik helmugarainoko tartea. Baina, gainera, aurten iritsi naiz esprintean eta dena emanda. Erabat hustuta. Izan ere, aurten ez dudana topatu izan da nire taldea lasterketan zehar; azkenean, ia beti aurkitzen duzu taldetxo bat zure erritmora doana, eta oraingoan izan nituen momentu asko lasterketan bakarrik egon naizena. Pentsa zenbat jendek hartzen duen parte, baina hori gertatu zitzaidan. Egia da neskak ere lehenago irteten garela, eta, arrazoi bat eta beste, momentu asko izan nituen
lasterketan egon nintzela bakarrik, ez neukan talde edo erreferentzia bat.
Erlojuari begira joan zinen?
Bai; marka pertsonal bat lortu nahi baduzu, matematika kontuan hartu behar duzu. Igoeretan gutxiago eman dezakezu, jaitsieretan gehiago... Hori guztia kontrolatu beharra daukazu. Batzuek segundoak hobetu nahi dituzte, eta samurra ematen du, baina gero zaila egiten da batetik edo bestetik kentzea. Baina etengabe daukazu erlojuari begira joan beharra.
Entrenamendu ugari egin dituzu. Nola moldatu zara?
Bukaera aldera, karga gutxiago sartzen joaten naiz; bezperako aste horretan, batez ere. Baina, bestela, astean sei aldiz joaten naiz korrika egitera. Gainera, ez da inolako sakrifizioa; azkenean, niretzako korrika egitea da nire momentua, nire deskonektatzeko unea, horrela ohitu naiz, eta nire bizitzaren parte da korrika egitea. Ematen didan satisfazioa da sakrifizioa baino handiagoa.
Pandemiagatik bertan behera gelditu diren lasterketak ez izateak izan du eraginik zuregan?
Nik berdin jarraitu dut entrenatzen; ez, agian, intentsitate berarekin, baina egunero ibili naiz nire irteeratxoak egiten, eta, etxean egon behar izan dugunean, goizez eta arratsaldez egiten nuen korrika, edo ibiltzen nintzen zintan, bizikletan edo dena delakoan.
Beste lasterketa batzuetan ere hartu duzu parte azkenaldian.
Bai; mendikoekin hasi nintzen, Aloñako lasterketara begira, baina hori ez nuen egin urrian, ez nintzelako prestatu beste urte batzuetan bezala. Uda partean niretzako errazagoa izan da errepidean ibiltzea. Aurrera begira, momentuz, ez daukat lasterketa zehatzik buruan.