EAJk dio kiroldegiko kuoten igoera "neurrigabea" dela

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko aza. 19a, 08:13

Zubikoa kiroldegiaren sarrera.

Kiroldegiko tasa aplikatzeko egindako berregituraketak abonamenduen prezioen igoera orokorra dakarrela uste du alderdi jeltzaleak, pentsiodunetan "neurriz kanpokoa" dela iritzita. Errenta baremoak ez duela herriko errealitatea islatzen ere badio.

Datorren urteko kirol tasaren hobariak etxe unitatearen diru-sarreraren eta bizi diren kideen araberakoa izatea onartu zuen udalbatzak, EH Bilduren aldeko botoekin, 2022ko udal zergak onartzeko urrian egindako ezohiko osoko bilkuran. EAJk uste du, ordea, hobariak eskuratzeko aplikatutako errenta-baremoek ez dutela Oñatiko errealitatea islatzen, egindako berregituraketak abonamenduen igoera orokorra dakarrela, eta salatu du kiroldegiko kuoten "hazkundearen desproportzioa".

Igoera hori, pentsiodunen kasuan, adibidez, "neurriz kanpokoa" izateraino iritsi daitekeela gehitu dute jeltzaleek prentsa oharrean. Diote egoera horretan dagoen herritar batek egungo 78,40 euro ordez, 180 euro ordaintzera iritsi daitekeela pentsioa beste diru-sarrerarik ezean. EAJk dio hobariak aplikatzeko sistema hori ondo ikusten duela, baina errenta baremoak ez datozela bat Oñatiko errealitatearekin: "Kuotak erabiltzaileen errentan oinarrituta antolatzearen aldekoak gara, baina uste dugu erabilitako baremoak eta aplikatutako hobariak ez datozela bat Oñatiko errenten errealitatearekin. Horren isla da abonu gehienek igoera handia izango dutela. Eustat-en arabera –2018ko datuak–, Oñatiko herritarren batez besteko errenta 25.880 eurokoa da. Hori kontuan izanda, Oñatiko herritar gehienek ez dute hobaririk jasoko edo hobari oso txikia izango dute; eta horrek kuotaren igoera handia ekarriko du".

Tasa igoerarik ez

Kiroldegia berritzeak Udalari ekarri dion "inbertsio eta ahalegin handiak" ez lukeela erabiltzaileengan eraginik izan behar uste dute jeltzaleek, eta "akatsa" dela tasa igotzea, "kostuak ezagutu gabe dauden honetan. Uste dugu ez dela tasak igotzeko unea. Gainera, EH Bilduren argudioari jarraiki, uste dugu akats bat dela tasak handitzea, kiroldegi berriaren ustiapenaren kostuen igoeran oinarrituta. Izan ere, oraindik ez ditugu kostu horiek ezagutzen; urtebete igaro behar da datu objektiboak lortu ahal izateko, eta kiroldegiaren autofinantzaketa maila zein izan beharko litzatekeen aztertzeko eta definitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak