'Aulkiak' topaketa, herriko elkarteen elkarlanerako espazioa, azaroko hiru egunetan

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko aza. 3a, 15:23

Aulkiak, Oñatiko elkarteen topaketak egingo dituzte herrian azaroaren 19an, 20an eta 27an, Udalaren Partaidetza eta Garapen Komunitario batzordeak antolatuta. Ehundik gora erakunde, elkarte edo kolektibo daude Oñatin, eta horien arteko elkarlanerako espazioa izan nahi du Aulkiak ekimenak.

Udaleko arduradunen esanetan, ekimenaren helburua da ahal beste elkarte eta gizarte-ekimen ezagutzea eta horiek elkarren berri izatea, Oñatiko elkarte- eta gizarte-sarearen egungo egoerari buruz gogoeta egitea eta ideiak, proposamenak eta iritziak trukatzea.

Elkarteek topaketarako proposatutako azaroko hiru egunetako bat aukeratu beharko dute. Eltzian izango dira topaketak, erakunde bakoitzetik nahi beste pertsonak hartu ahalko du parte, eta izenematea oñati.eus helbidean, partaidetza@onati.eus helbide elektronikora idatzita edo kultura etxean egin ahalko da. Azaroaren 15a izango da izena emateko azken eguna. 

Topaketaren aurkezpena egiterakoan askotariko aulkiak irudikatu dituzte biribilean jarrita, desberdinak denak elkarrekiko; Oñatiko Udaleko Partaidetza eta Garapen Komunitario batzordeko buru Anik Zubizarretak azaldu du zergatik: "Topaketen metafora modura da; izan ere, bakoitza bere ibilbidearekin, bere bizipenekin, bere kezkekin eta bere pozekin joango da topaketa horietara, gainerakoekin hori partekatzera. Bestalde, irudikatu nahi dugu norbere eguneroko jardute horretatik kolektiboa den zerbaitera batzen dela".

Ekimena martxan jarri aurretik, asmoa partekatu zuen Udalak herriko elkarteen lagin batekin, eta jasotako ekarpenekin diseinatu dute topaketa. Ekimena asmo orokorrago baten parte da, gainera: "Ez da izan gauza solte bat, aterki handiago baten azpian kokatzen da; arlo komunitarioan lantzen ari garen proiektuaren barruan dago. 2020ko otsailean hasi ginen honekin lanean".

Azaroko hiru saioen ostean proiektuak jarraipena izango du, haietatik ateratako ondorioetan oinarritutako bideetatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak