25. ikasturtea hasi berri dute Artzain Eskolan

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko urr. 8a, 09:35

Aurtengo ikasturteko ikasleak, Gomiztegi inguruak ezagutzeko egindako irteera batean. (Argazkia: Gomiztegi)

Praktikaldia luzatu egin dute; bederatzi hilabetekoa izango da aurtengo ikasturtea, ekainera artekoa. Helburua da ardiaren ziklo osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera ematea ikasleei. Gomiztegin pozik daude eskolak orain arte egindako ibilbidearekin.

Gomiztegiko Artzain Eskolak  25. ikasturtea hasi du, eta aurrekoak baino luzeagoa izango da; sei hilabetekoa izan ordez, bederatzikoa izango da, ekainera artekoa. Formakuntza praktikoa indartzeko hartu dute erabaki hori, ikasleei ardiaren ziklo osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera emateko. "Gomiztegin bertan ere egingo dituzte praktikak, betiko moduan, baina, ikasturtea ekainera arte luzatuta, arditegietako lana hobeto ezagutzeko aukera izango dute. Adibidez, komertzializazioa, salmenten prozesua, nola egiten den ikusiko dute; izan ere, normalean, martxotik aurrera izaten da hori", azaldu du Artzain Eskolako Ane Garziandiak.

Teoria eta praktikak tartekatuta

Eskola teorikoekin tartekatuko dituzte lehen hilabeteetan, baina artzainen etxeetara joango dira ondoren, eta praktiken aldia luzeagoa izango da. "Dagoeneko eratuta daukagu Euskal Herri osoan banatuta dagoen arditegien sare bat, horietako asko hemengo ikasle izan direnenak. Ikasleen profilaren arabera eta bakoitzak ze asmo duen ikusita, arditegi batera edo bestera bideratuko ditugu aurtengo  ikasleak. Gomiztegin ere egingo dituzte, dena den, ume garaian, adibidez, eta lan horiek eskola teorikoekin partekatuko dituzte".

Aurten, hamahiru ikasle dituzte: Bizkaitik etorritako lau, Nafarroako beste lau, Arabako bi eta bana Madrildik, Lleidatik eta Gipuzkoatik –Eskoriatzakoa–. Azken hamar urteetako kopuruaren antzerakoa da aurtengoa, izan dituzte ikasle gutxiagoko urteak ere, eta, alde horretatik, pozik daude Gomiztegin. "Ikasleen profila asko aldatu da, ordea. Hasierako urteetan, artzainen seme-alabak ziren ikasle gehienak, atzerritar asko etorri ziren sasoi batean, baina azken urteetan beste arlo batzuetako ikasketak dituztenak ere etorri dira. Oso aberasgarria da hori", dio Garziandiak. Ikasturtean zehar Gomiztegin bertan ostatu hartzeko aukera ere eskaintzen du Artzain Eskolak, eta ikasturte honetako hamar ikaslek hartu dute aukera hori.

25 urteko ibilbidea

Duela 25 urte hasi ziren artzaintzaren inguruko ikasketak eskaintzen Gomiztegin eta "sektorearekiko interesa mantendu" egin dela ikusita pozik daude Artzain Eskolako arduradunak. "Sektorea indartzeko eta bistaratzeko balio izan badu, hori oso pozgarria da". Ospakizunei lotuta, oraindik ez dute noiz eta nola ospatu urteurrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak