Jabier Erostarberen ibilbidea, erakusketan

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko urr. 22a, 12:30

Erostarbe, berak egindako hainbat logoren aurrean, erakusketan.

Dagoeneko 26 urte pasa dira Erostarbe ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoak herrian estudio propioa zabaldu zuenetik, eta denbora honetan guztian bertan egin dituen lanen erakusketa dago ikusgai kultura etxean, hilaren 31ra bitartean.

Azken urtetako bere lan-bizitzari bultzada eman nahian, Jabier Erostarbe ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko oñatiarrak erakusketa zabaldu du kultura  etxean, egin dituen bere lanak erakusteko. "Uste duzu denek dakitela zelako lanak egiten dituzun, baina konturatu naiz badagoela jendea zein lan egiten dudan interesatzen zaiona eta ez duena ezagutzen egiten ditudan arlo guztietako lanak zeintzuk diren. Beraz, askotariko nire lanak ikustarazteko jarri dut erakusketa", azaldu du. Bere asmoa zen San Lorentzo 10ean duela 26 urte zabaldu zuen estudioak 25 urte betetzean jartzea erakusketa, baina, pandemiak baldintzatuta, urtebete atzeratu behar izan du erakusketa, nahiz eta arte grafikoen munduan denbora gehiago daraman lanean.

Askotariko lanak

Kartelak, esku-orriak, kamisetak... Askotariko lan ezagunak daude erakusketan. Baina, batez ere, hiru arlotara bideratutakoak egiten ditu Erostarbek. Alde batetik, industria enpresetarako egin izan dituen lanak ikus daitezke; Ulma Taldearendako egindakoak edota Ternua enpresarendako egindako kamiseten 
edota trekking bastoien diseinuak. Kulturara bideratuta, herriko turismoa ezagutarazteko edo jaietarako egindako kartelak ere ikus daitezke. Eta azkenik, hezkuntza mundura zuzendutakoak ere ikus daitezke; Mondragon Unibertsitatearendako edo herriko ikastetxeendako lan egiten du, adibidez.

Bezero bakoitzarendako lan zehatzak egiten ditu; zeka taldearendako zentimetro gutxiko zigilu bat diseina dezake, edota baita hamabi metrotako batzar  nagusiak egiteko gela baten diseinuak ere. "Pertsona bakoitzak bere bidea aurkitu behar du, eta estilo bat sortu. Uste dut badagoela estilo zehatz bat nire lan guztien atzean", adierazi du Erostarbek, eta hauxe gaineratu: "Heldutasunak edo esperientziak asko ematen dizu eta teknikoki ere estiloa aberastu  egiten da".

Atzetik dagoen lana

Erakusketan azken produktuak ikus daitezke, baina horra iritsi aurretik atzetik dagoen lana ere bai. Horren adibide gisa jarri du, esaterako, eskola kirolerako logoaren lan-prozesu guztia ikusgai. "Arkatza eta eskua baino azkarragoa ez da ordenagailua. Gero, egia da lana hobetu daitekeela digitalizazioarekin, baina hasiera beti arkatzarekin eta paperarekin egiten dut", zehaztu du. Hilaren 31ra arte egongo da ikusgai erakusketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak