Fermin Etxegoien Uribeetxeberria: "Benetan landu ditudan alor asko daude jasota"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urr. 22a, 12:31

Fermin Etxegoien, argitaratu berri duen Totelak liburuarekin. Argazkia: Erein argitaletxea.

Fikzioaren, saiakeraren eta kazetaritzaren elementuak nahasten dituen Totelak "eleberri hibridoa" argitaratu du; bere izenarekin sinatu duen bosgarren liburua da.

Martitzenean aurkeztu zuen Erein argitaletxearekin argitaratu duen Totelak.

Bosgarrena duzu kalean. Gustura?

Bai, nork esango lidake, orain dela urte batzuk! Orain dela sei urte hasi nintzen honetarako gauzatxoak idazten, hemendik eta handik hausnarketak egiten, fikziozko bide bat ere egiten gero... Eta gura dut pentsatu, collage guzti horrek, norabide bat hartu duela gero, irakurlea eramateko orduan, nahiz eta hausnarketatik edo saiakeratik asko egon.

Bosgarrena izatea, presio izan da zuretzako?

Betik dago presioa, eta halako ideiak botaz gero gehiago. Begira izena, Totelak. Gogorra da. Jendeak euskaldunak toteltzat ditudan galdetuko du. Demagun espektatiba edo aukera aldetik hartuz gero, euskararen eta bestelako gai sozialetan zeuden asmoen gainean gaur egun zeintzuk dira gure sentsazioak? Bete dira asmoak? Onera edo txarrera egin du egoerak?

Herriaren arabera hausnarketa horien ondorioak oso ezberdinak izan daitezke, ezta?

Duda barik! Egoera bitxia da Oñatikoa, kasu bakarrenetarikoa esango nuke; izan ere, askotan esan dudan moduan, eta asko harritu egiten badira ere, gure belaunaldia erabat erdalduna zen, nire gaztaroan, gaztelera hutsean jarduten genuen. Bisagra moduko bat izan gara, hau da, gu baino zaharragoak gu baino euskaldunagoak ziren eta ondoren etorri direnak zer esanik ez. Frankismo garaian galdutako euskararen transmisioa indarrez berreskuratu zen gero. Beste toki batzuetara joanez gero, orokorrean, guztiok dugun sentsazioa da inoiz baino euskal hiztun gehiago dagoela lurra planetan, baina, era berean, euskaldunen arteko konpaktazioa ez da seguruenik izan beharko lukeen bestekoa.

Inkontziente linguistikoa esamoldea erabiltzen duzu sarritan liburuan. Zer adierazteko?

Ez dakit Soziolinguistika Klusterkoek onartuko dituzten nik erdi asmatutako kontzeptu horiek. Hegoaldean inkontziente linguistiko kolektiboa ez da euskara, espainola baizik, eta normala da hori; izan ere, egunero milioika input jasotzen ditugu espainolez. Mundua erreproduzitzeko erregistro guztiak automatizatuta ditugu espainolez, baina ez zaigu gauza bera gertatzen euskararekin; adibidez, Mauleko koblakari baten erregistroa onartzeko lanak ditugu. Gure hizkuntzaren oihartzuna oso mehe entzuten dut espainolaren oihartzun etengabearekin konparatuta. Eta, azken finean, hizkuntza bat zer da, oihartzuna ez bada. Haurrak zelan ikasten du euskara? Bada, errepikapenen bidez. Era berean, ez dut uste geure burua horrenbeste jipoitu behar dugunik, eta halako kolapso linguistiko baten bidean jende asko geratzen da. Hausnarketa horiek guztiak, nolabait, toteltasunaren kontzeptu edo ideia horrekin lotzeko modukoak direla uste dut.

Zer da onena, euskara garbizalearen alde egitea ala horren garbia ez baina euskara naturalago baten alde egitea?

Uste dut ez dagoela modu bakar bat; hau da, testuinguruaren arabera izan behar dela. Ni ez nator esatera, inolaz ere, zelan izan behar den batean edo bestean, uste dudalako ezinezkoa dela formula bakarra izatea gauza guztietarako, baina, seguruenik, garbizaletasunaren eta espainolaren laguntzaren bitartez ere, hor dago-eta paradoxarik handiena, espainola ere izan daitekeela euskara ezberdinen arteko eranskaria edo aglutinantea. Baina hau ez da tesi liburu bat, baizik eta fikzio bat non pertsonaiek halako gauzei buruz ere berba egiten dute.

"PARADOXIKOA BADA ERE, ESPAINOLA ERE EUSKARA EZBERDINEN ARTEKO ERANSKARIA IZAN DAITEKE"

Istorioak bi hari ditu; Suitzara oporretan doan bikote nagusi batena da horietako bat. Zeintzuk dira?

Bularreko minbizia gainditu du emakumeak, eta, hori ospatzeko, Sankt Moritz luxuzko tokira joango dira. Maserati auto gorri elegante bat alokatuko dute. Hortik abiatuta gauzak gertatzen joango dira, kulturalak batzuk eta existentzialak edo pertsonaien artekoak beste batzuk. Han ber- ba egiten duten eta oinarri latinoa duen erromantxera hizkuntza ere ezagutuko dute.

Kontserbatorioko musikari gazte bat da beste istorioaren protagonista, eta gertuko duzun Ruper Ordorikarekin lotu duzu. Zer dio?

Pasarte batzuk bai, baina ez du liburu osoa irakurri; hortaz, ikusiko dugu bere burua fikzio baten barruan nola ikusten duen... [Barre]. Aurrez egindako beste lan batzuetarako landuta nuen Ruperren obra.

Musika-erreferentzia asko egiten dituzu; zeintzuk, adibidez?

Oso klasikoak dira gehienak; The Beatlesi buruz berba asko egiten dut, baita 80ko hamarkadan oso gustuko nituen The Smiths taldearen gainean.

Gustura geratu zara?

Tarteka geratu naiz gusturago; hau ez nuke esan behar saltzaile moduan, baina gustura nago hor dauden gauza batzuk benetan oso landuta daudelako; hortaz, sentsazio polita dut, azpian geruza asko dituen icebergaren punta erakusten duelako.

Pentsatu duzu liburu hau gazteleraz idaztea?

Horri buruzko hausnarketak ere badira. Zaila ikusten dut euskal partzialtasunari buruz mundu horretatik kanpo daudenengana heltzea, baina beti dago itzultzeko aukera, ezta?

 

Erlazionatuak

'Totelak' liburuari buruzkoak, egilearen eskutik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021 urr 22 Arrasate   Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak