Aurten ez da Euskaraldia egingo, baina "hizkuntza-praktika egokiak lantzen jarraitzeko beharra" dagoela ikusita, Euskarak 365 egun Oñatin. Pauso bat aurrera izeneko ekimena ari dira antolatzen Udaleko Euskara Zerbitzua eta Oñatiko Euskaraldiko herri batzordea. Euskarazko praktikak sustatzea da helburua, "Euskaraldiak ekarritako ildo, filosofia eta arau sozialei jarraituz".
Hiru proposamen eskura
Ekimen honekin, "euskararen alde egotetik euskaraz egitera" jauzi egitea proposatuko diete ekimenaren bultzaileek oñatiarrei. Eta hiru proposamen eskainiko dizkie praktika hori gauzatzeko. Bat da hika praktikatzeko hamar eguneko erronka, batez ere gazteei eta emakumezkoei zuzenduta; beste bat da herriko establezimenduetan salerosketak egiterakoan euskara erabiltzea eta hirugarrena, umeekin harreman zuzena duten helduen artean hizkuntza praktika eredugarriak sustatzea.
Gaur, eguena, da ekimen honen aurkezpena: Euskaldun Berria gelan, 18:30ean, eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte parte hartu eta sare bat osatzera. Eskatzen zaiena da hiru egoera hauetako batean egonda, euskara erabiltzea eta bestelakoetan ere, hizkuntza praktikak euskarara aldatzea.
Azaroaren 25etik abenduaren 5era
Ekimen honek Euskaraldiak berak baino dimentsio txikiagoa izan arren, parte-hartzaile zabalago batengana iritsi gura dute, eta guztiei eskaini aukera ariketa ingurune babestu eta eroso batean egiteko. Egunei dagokionez, Euskaraldiaren orain arteko funtzionamenduari jarraituz, azaroaren 25etik abenduaren 5era bitartean gauzatuko dira. "Hitanoa erabiltzeko, adibidez, egun horietan jarriko da indar berezia. Baita herriko komertzioetan euskara erabiltzeko ekimena ere. Umeen aurrean euskara egiteko ohiturarena, aldiz, luzatu daitekeen proposamen bat da. Ikastetxeekin batera landu gura dugu", azaldu du Euskarako Udal teknikariak, Xabier Zabaletak.
Proposamenetako bat aukeratu eta aurrera eramateko izenik ez da eman behar, bakoitzaren konpromisoa izango da.