Joan den urteko etenaren ondoren, gazta lehiaketa egin da aurten urriko lehen zapatuan, Herri Eguna izan ohi den egunean. Hamabost gazta aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara eta horiek epaitzen zortzi lagun aritu dira, biko lau bikote, 11:00etatik eta 13:00etara bitartean: Iñaxio Arkauz (Nekazarien Elkarteko bazkidea) eta Juan Karlos Mugartza (sukaldaria Arrasateko egoitzan), Gabino Igarza (Hilarion jatetxea) eta Eloi Igartza (Txopekua jatetxea), Maider Larrañaga (Arteaga jatetxea) eta Iñaki Olalde (Oñatiko Kultura zinegotzia), eta Joxe Pablo Larrea (Baserria 0 Kilometro kooperatiba) eta Izaro Elorza (Oñatiko alkatea).
Gaztak epaitzeko hainbat parametro izan dituzte kontutan: itxura, kolorea, forma, presentzia, usaina, testura, zaporea... eta fitxak bete dituzte puntuazioarekin. Denak epaitu ostean, iritziak eta jasotako puntuazioak partekatu eta kontrastatu dituzte eta bost gazta pasa dira finalera. Berriro probatu eta epaitu dituzte epaimahaikideak gazta horiek, eta hortik atera dira hiru irabazleak: Juanito Urzelai (lehenengo saria), Uxarte Garai (bigarren saria) eta Gomistegi (hirugarren saria).
Herritarren saria, lehenengoz
Lehiaketarekin batera, dastatzea ere antolatu du Nekazarien Elkarteak. Betik enpresak utzitako altzariekin jangela bat prestatu dute plaza ondoko karparen azpian eta horietan eseri dira 100 herritar inguru (aurre salmentan, 90 sarrera baino gehiago saldu ziren). Plateretan, gaztak atera dizkiete probatzeko eta euren lana izan da, orri txuri batean, gaztak zuen zenbakiaren ondoan euren puntuazioa idaztea 1etik 10erako eskalan. Herritarren botoak jaso eta zenbatu ostean, Aldai-ren gazta izan da saritua, boto gehien horrek lortu ditu-eta. Hamabi gazta probatu eta puntuatu dituzte herritarrek.
Dastatzean parte hartu duten herritar askok adierazi dute asko gustatu zaiela ideia, oso gustura egon direla. Gaztei buruz, onena aukeratzen lan handia izan dutela ere aitortu dute batzuk, "onak zirelako denak". Epaimahaiko kideek ere adierazi dute oso maila oneko gaztak izan direla aurkeztutakoak, denak Oñatikoak, gainera, eta hori oso garrantzitsutzat jo dute.
Udalaren eta Betik-en laguntzarekin antolatu du gaurko gazta lehiaketa eta dastatzea Nekazarien Elkarteak. 08:00etan hasita ibili dira lanean dena prestatzeko: mahaiak eta aulkiak jarri, sagardoa, ardoa eta ura eraman, ogia moztu, gazta zatiak plateretan jarri, zerbitzari lanak egin, epaimahaiko kideei gaztak eraman probatzeko...