Aurreko zapatuan jakinarazitako eraso matxista izan da San Migel egunaren bueltan antolatutako ekitaldiak ilundu dituen gertakaria. Oñatiko Txosna Batzordeak eta eragile feministek manifestazio deialdia egin zuten martitzenerako, eta jende dezente batu zen gertakaria eta "herriak, oro har, izandako jarrera" salatzera. Txosna Batzordetik adierazi dute ez dutela halako erasorik onartuko, "ez txosnagunean eta ez beste inon". Erasoen aurkako protokoloa daukate, eta "lehenengo momentutik" aktibatu dute. "Hala ere, hutsune batzuk ikusi ditugu eta herritarren eskura telefono zenbaki bat jartzea erabaki dugu, babes feminista emateko". Hau da zenbakia: 603 36 11 57. Izaro Elorza alkateak ere gaitzetsi du erasoa: "Manifestazio deialdiarekin bat egin dugu, erasoa salatzeko eta esateko gure herrian ez dugula onartzen halako erasorik, ez ez-jaietan eta ez beste inoiz".
Gainerakoan, Udalak orain artekoaren balorazio positiboa egin du. Antolatutako ekitaldietan jendea batu dela dio; akaso, La Basuk ez du izan espero zen erantzuna, baina pozik daude orokorrean ekitaldiek izan duten harrerarekin. El Drogas artistaren bi kontzertuetarako sarrera guztiak agortu egin ziren, eta, herritarren esanetan, "ederra" izan zen Oñatin hasi berri duen kontzertuen bira hasiera. Aipatzekoa da, era berean, mus txapelketak jende asko erakarri zuela, hainbat bikote kanpotik ere etorri baitziren parte hartzera. Bestelakoetan ez da nabarmentzeko gertakaririk izan, ezta udaltzainen aldetik ere. Gainera, zapatutik astelehenera bitartean, arratsaldeko lan-txandak luzatu egingo dituzte eta goizeko hirurak arte izango dira lanean.
Udalak, berriz, azaldu du herritarrek horrela adierazita txosnak goizeko hiruretan puntuan itxi dituztela. Batzordekoek, baina, hausnartu dute momentu batzuetan larri ibili direla edukiera neurtzeko orduan, eta neurri bereziak hartuko dituzte asteburu honetarako: jende gehiago jarriko dute bai barrako txandetan eta baita jendearen sartu-irtenak kontrolatzeko ere. Sarreran edukiera kontrolatzeko kontadorea izango dute. Betetzen denean ezingo da inor sartu eta kanpora irten behar badute, barruan tiket bat hartu eta ordu erdi izango dute bueltatzeko.
Astebururako ekitaldiak
Ondorengo egunetarako ekitaldiak mantendu egingo dituzte. Gazta lehiaketaz gain, dasta-keta ere egongo da bihar, zapatua, berrikuntza bezala. Bertan parte hartuko du Aldai baserriko Nestor Altzelai gaztagileak, eta hauxe azpimarratu du: "Lehiakortasun bako giroa sortzen da Oñatiko gazta lehiaketan, eta gozatzea izaten da helburua, irabaztea baino gehiago". Txosnetan, berriz, Guraso Asanbladak antolatutako umeendako askotariko ekintzak egongo dira domekan, eta pandemia aurreko ekitaldi bat berreskuratuko dute astelehenean: Dibertsioak.