"Abestiak modu elegante batean janztea nahi izan dut oraingoan"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ira. 28a, 12:02
Argazkia: Angel Delgado.

Bihar, San Migel egunez, El Drogasek emanaldi akustikoa eskainiko du Oñatiko Azoka Kultura Gunean. Bi emanaldi egingo dituzte: 19:30ean eta 22:00etan, eta sarrera guztiak agortu dira dagoeneko.

Barricada talde ezaguneko abeslari izandako Enrique Villarreal Armendariz, El Drogas ezizenarekin ezagunagoa, Oñatin izango da bihar. Emanaldi akustikoa eskainiko du: El Drogas Akustik Fraktion birako lehenengo emanaldia, hain zuzen. Emanaldiaren oinarrian, argitaratu berri dituen 189 escritos con una mano enferma liburu eta CDa, eta El largo sueño de una polilla biniloa daude –urriaren 1ean argitaratuko da–.

Zer eskainiko duzue biharko emanaldian?

Emanaldi akustikoa izango da eta beste zazpi lagunekin batera igoko naiz taula gainera. Garai guztietako abestiak joko ditugu, baina batez ere laster irtengo den biniloan zentratuta dago emanaldia. Abesti ezagunen eta ez hain ezagunen bertsio akustikoak izango dira.

Orain artekoarekin oso ezberdina izango da?

Musika formatu ezberdinak nahastu izan ditut nire ibilbidean: punk, distortsioa, rhythm and blues bandarekin erritmo estoniarragoak jotzen genituen... Oraingo formatuan bakarrik jo izan dut, pianoarekin lagunduta, edo gitarrarekin… oraingo honetan nahi izan dut abestiak janztea modu elegante batean.

El Drogasen alde intimoagoa ikusiko da?
Istorio intimistagoa dela esango nuke.

Gainera, El Drogas Akustik Fraktion bira Oñatin hasiko duzue.
Bai, Oñatikoa lehenengo emanaldia izango da. Dagoeneko martxoaren 4ra arteko emanaldiak lotuta ditugu.

Osasun neurriekin, jendea eserita ikustea, maskararekin... zela eramaten da?
Egia esan, formatu elektrikoarekin zoazenean zalaparta izaten da. Konplikatua izaten da jarlekuari eutsi eta jesarrita egotea. Aldiz, beste formatu honek antzokietan egin izan dugun formatuen antz handiagoa dauka eta esan daiteke eserita entzuteko egokiagoa dela. Maskararena ez dakit, osasun egoeragatik egin behar da eta ez diogu bestelako garrantzirik ematen.

Modu akustikoan izan arren, El Drogasen esentzia hor egongo da, ala?
Bai, ez dago besterik!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak