Zentzuz eta arduraz gozatzeko egunak datoz

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ira. 24a, 11:27

oan den urtekoa baino pixka bat handiagoa da aurten plaza ondoko gunean jarri duten karpa.

San Migel eta Errosaixo jairik ez da ospatuko baina kultura eskaintza zabala egongo da datozen egunetan. Emanaldietan herritarrak disfrutatzea da Udalaren nahia, baina zentzuz, elkar zainduz eta errespetuz jarduteko eskaera ere egin du.

Pandemiagatik bigarren aldiz, aurten ere ez dira herriko jai nagusiak ospatuko. "Helduko dira San Migelak eta Errosaixoak elkarrekin ospatzeko egunak, baina, bitartean, azken ahalegina egin beharrean gaude", azaldu du Iñaki Olalde Altzelaik, Kultura zinegotziak.

Aste barruan ere bai

Jaien ordez, eskaintza kulturala egongo da San Migel eta Errosaixo egunen bueltan, plaza ondoan jarri duten karpan ez ezik, Zubikoa kiroldegian, Etxaluzen eta txosnagunean. Izan ere, egoera oraindik pandemikoa den arren, joan den urtean baino hobea da eta hainbat herri eragile ere animatu dira ekintzak antolatzera, pandemia aurretik egin ohi zuten moduan. Txosna batzordea da horietako bat. Karpa handi bat jarri du Irunberri plazan eta hantxe egingo dituzte antolatutako ekitaldiak; zuzeneko hainbat musika kontzertu, tartean. Nekazarien Elkarteak antolatuta gazta lehiaketa eta dastatzea egingo da aurten, eta baita umeen danborrada eta artzain txakur txapelketa ere. "Eragile horiek antolatutako ekintzekin bete da gure kultura eskaintza. Joan den urtean, asteburu ezberdinetan egin ziren emanaldiak, baina aurten, aste barruan egitearen alde egin dugu, Oñatiko lantegi eta komertzio askoren egutegietan jaiegunak diren egunetan. Herritarrendako kultura eskaintza izango da eta herritarrek disfrutatzea gurako genuke, zentzuz jokatuz", gaineratu du Kultura zinegotziak. COVID-19aren kontrako prebentzio neurri guztiak bermatuz gauzatuko da egitarauan jasota dagoena, eta, egon daitezkeen aldaketei dagokienez, kontuan hartuko dituztela adierazi du Olaldek: "Oso aintzat hartua izango dugu unean uneko egoera. Moldaketarik egin beharra balego, moldatu egingo genuke. Halaxe eskatzen du egoerak". Ekitaldien ordutegia, baina, mantendu egingo dute, malgutzen badute ere.

Udal zerbitzuak, itxita

San Migel eguna, irailak 29, jaieguna izaten da Oñatin, eta, hori horrela, datozen egunetan itxita egongo dira udal zerbitzuak. Kiroldegia, liburutegia eta Herritarren Arreta Zerbitzua, esaterako, itxita egongo dira irailaren 29an eta 30ean, eta baita urriaren 2an, 3an eta 4an ere. Zubikoa kiroldegian, gainera, garbiketa lanak egingo dituzte urriko lehen astean, eta urriaren 8an zabalduko dute. Udal zerbitzuak ez ezik, herriko lantegiak eta dendak ere itxita egongo dira edo ezohiko ordu-tegia izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak