Jolas egiteko eta kultura ikus-kizunez gozatzeko hainbat eskaintza izango dituzte txikienek aurtengo San Migel eta Errosaixo egunen bueltan. Jaien ordez antolatutako eskaintza kulturalean magia ikuskizunak, ipuin kontaketak eta era asko askotako jolasak daude jasota, esate baterako. Baita haurren parkea ere.
Jolasetarako hainbat gune
Horietako jolas batzuk urriaren 3an, Errosaixo egunean, egingo dituzte, Irunberri plazan muntatu duten txosnagunean. Izan ere, umeei zuzendutako ekintzak ere jaso dituzte txosna batzordeak egin duen Oñatiko primadia izeneko egitarauan.
Haurren eta Gurasoen Asanbladatik etorri zen horretarako proposamena, "egitaraua aberastuz", asanbladako kideek dioten moduan. Hala, jolasak ez ezik, pailazoen ikuskizun bat eta ipuin kontaketa saio bat ere egongo dira umeendako datozen egunetan. Urriaren 1ean datoz Kiki, Koko eta Moko, 19:00etan, txosnagunera, eta ipuin konta-keta saioa urriaren 3an egingo dute, jolasekin batera.
Jolasetarako, hainbat gune edo espazio prestatuko dituzte Irunberri plazan urriaren 3an, eta gune bakoitzean jolas ezberdinak egongo dira. Haurren eta Gurasoen Asanbladako kideek eramango dute materiala eta prestatuko dituzte txokoak, baina jolasean ibiliko diren umeak euren gurasoen zaintza pean ibiliko dira. Jolasetako batzuk bakarka aritzekoak izango dira, eta taldeka beste batzuk, baina jolas libreak nagusituko dira. Asanbladako kideek eskerrak eman gura dizkiete, bide batez, jolasak prestatzeko laguntza eta materiala eman dieten herritarrei. Egun horretan, urriaren 3an, goizetik iluntzera arte egingo dira umeendako jolas edo ekintzak Irunberri plazan; txos-netako txandak Asanbladako kideek egingo dituzte.
Umeendako, herri kirolak
Herri kirolei lotutako jolasak ere egongo dira, bestalde, umeendako. Egun berean izango dira, baina plaza ondoko frontoian –edo Azoka Kultura Gunean, eguraldi txarra egiten badu–, 11:00etatik 14:00etara. Horrez gain, pandemia aurretik bezala, haur parkea ere egongo da aurten. Etxaluzeko parkean jarriko dituzte puzgarriak eta bestelako elementu batzuk, haurren gozamenerako. Eguaztenean muntatuko dituzte, San Migel egunean, eta egun osoz egongo dira erabilgarri: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00eta-ra. Egun horretan eguraldi txarra egiten badu, Zubikoa kiroldegian muntatuko dute jolas parkea, Etxaluzen egin ordez. Barrakarik ez da egongo, horiek ekartzeko aukera aztertzen ibili baziren ere.