Tertulixan; irakurketa kluba baino gehiago

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko ira. 20a, 14:01

Tertulixan irakurketa taldeko kide batzuk, liburuak esku artean dituztela. Argazkia: Arantzazu Ibarrondo.

Hamar urte beteko ditu Tertulixan taldeak ikasturte honetan. Irakurzaletasuna bultzatzeaz gain, irakurleak formatzea ere bada saio horien helburua, baita harreman sozial berriak egiteko eta ideiak elkartrukatzeko gunea sortzea ere.

Berrikuntzekin hasiko du ikasturtea Tertulixan irakurketa klubak; izan ere, dinamizatzaile berriak estreinatuko ditu bai euskarazko taldeak, baita gaztelaniazkoak ere. Miriam Luki eta Monika Leiba izango dira, hurrenez hurren. Eta nahiz eta Oñatin lehenengoz ariko diren lan horretan, badute esperientzia beste herri batzuetako irakurketa klubetan. "Hiruzpalau urtetik behin aldatu egiten ditugu, dinamizatzaile bakoitzak bere estiloa izaten duelako eta bakoitzak bera datorren mundutik askotariko ekarpenak egiten dituelako", adierazi du liburutegiko arduradun Arantzazu Ibarrondok.

Hamargarren urteurrena ospatuko du, gainera, ikasturte honetan irakurketa klubak. Zazpi saio egingo dituzte, urritik maiatzera. Urriaren 26an hasiko dira euskarazkoarekin, Carson McCullers-en Kafe tristearen balada liburuarekin, eta gaztelaniazko taldean Jung Chang-en Cisnes salvajes: tres hijas de China liburuarekin ekingo diote azaroaren 2ko saioan. Martitzenetan 18:30ean izaten dira saioak. Gaztelaniazko saioetako bitan, gainera, Kike Infame komikilaria izango da Leibaren ordez, eta beste estilo bateko lanak aztertuko dituzte horietan.

Taldearen helburu nagusia da irakurzaletasuna bultzatzea, baina hori baino gehiago dela azpimarratu du Ibarrondok: "Harreman sozialak sortzen dira eta herrian horrelakoak izatea oso garrantzitsua da, eta ez daude hainbeste. Ideien elkartrukatze bat egiten da eta aldamenekoa gehiago ezagutzen da".

Izen-ematea hilaren 30era bi-tartean egin ahal izango da, liburutegian, 943 71 61 66 telefono zenbakira deituta, Whatsappez 688 73 28 26 zenbakian edo liburutegia@onati.eus helbidera idatzita.

Idazketa lantegia

Laugarren urtez jarriko dute martxan Joxemari Iturraldek gidatutako idazketa lantegia. Bertan, idazteko zaletasuna dutenei behar duten motibazioa, bultzada, formakuntza eta informazioa eskaintzen zaie. Urriaren 25ean hasiko dute lantegia, 18:00etan, kultura etxeko bilera gelan.

Ipuin kontalariak

Ikasturte honetan, ipuin konta-ketak ere izango dira liburutegian. Esaterako, urriaren 20an, helduendako saioa eskainiko du Eugenia Manzanerak, eta hilabete bakoitzeko azken eguenetan Ostegun Kontalariak saioak izango dira umeendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak