Geroz eta gehiago dira lotsak alde batera utzi eta ingelesaren aldeko apustua egiten dutenak. Esperientzia zabala du lan horretan Maite Aiastuik. Oñatin du akademia, eta ez luke beste inon jarriko, herrian bertan egon eta lan egiteak "balio izugarria" duela iritzita.
Hogei urte baino gehiago daramatzazu helduei eta umeei ingeles eskolak ematen. Zeintzuk dira formalagoak? Haurrak ala nagusiak?
Bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu. Helduak kontzienteki datoz, nahi dutelako, eta haurrak, askotan, gurasoengatik. Hala ere, umeek oso azkar harrapatzen dute dena.
Zure kasuan, oñatiarra, eta Oñatin akademia... Zein duzu herriko tokirik gustukoena?
Ba, egia esanda, ezin dut bat aukeratu. Natura asko maite dut eta tartetxo bat dudanean paseatzeko aprobetxatzen dut; Oñatin paraje itzelak ditugu horretarako.
Zer da zure lanean onena? Eta okerrena?
Onena da jendearekin harreman zuzena izatea eta nire ezagutza partekatu ahal izatea. Okerrena,
berriz, ordutegiak; eskaintza zabala eduki behar da, ikasleen beharretara moldatu.
Nahiko berria da akademia hau. Ez al daude dagoeneko akademia asko?
Akademia zabaltzeko nengoela, Enplegu teknikariak galdetu zidan ea merkatu azterketa egin nuen, eta nik ezetz; zuzenean heldu eta umeendako eskolak eman nahi nituen, nire akademian.
Igartzen duzue ingelesarekiko beldurrik herritarron artean?
Umeekin oso naturala da gela batera sartu eta ingelesez hitz egitea; helduak, baina, lotsatu egiten gara. Haurren eta helduen arteko ezberdintasuna aurreiritziak dira.