Ereserkia berritu dute 50. urteurrena borobiltzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ira. 3a, 14:42

Ereserkiaren grabazioko une bat. Argazkia: Oñatz dantza taldea.

Urte askoan "gordeta" izan den ereserkia berritu dute Oñatz dantza taldeko kideek; sare sozialetan dago bertsio berria entzungai eta ikusgai, eta irailaren 25ean herritarren aurrean estreinatuko dute, zubikoa kiroldegian egingo duten ekitaldian.

2020an bete zituen 50 urte Oñatz dantza taldeak. Hileroko ekitaldi bat zuten prestatuta, baina martxoan eten egin behar zuten; hala ere, "jakin dute osasun krisira moldatzen eta ekitaldi eta bestelako ekimen gehiago aurrera eramaten".

Irailaren 25ean borobilduko dute urteurreneko egitaraua Zubikoa kiroldegiko kantxan, 19:30ean egingo duten dantza emanaldiarekin, eta han izango dira estreinatu berri dituzten erraldoiak eta urteetan gordeta izan den ereserkiaren bertsio berria. Irailaren 13an hasita, Txokolateixan eta Oñati.eus-en izango dira, 10 eurotan, sarrerak eskuragarri.

Demetrio Iriarterena

Oñatz martxa izeneko obra konposatu zuen bere herriko dantza taldearentzat orain dela urte asko Iriartek. Honela kontatzen du Oñatz-eko kide Julen Agirrek: "Urteurreneko prestaketekin hasi ginenean jakin nuen ereserkia bat zegoela. Iriartek konposatutakoari hitzak jarri zizkioten Xabier Bikuña Latas-ek eta Egoitz Aizpuruk, taldeak 25 urte bete zituenean. Eta orain, beste bi paragrafo gehitu dizkiogu eta hainbat musika tresnarekin jotzeko moldatu dugu". Talde-lanean egin dute dena. "Kantuaren bertsio berri bat egitea proposatu ziguten eta gure artean egiteko modukoa zela ikusi genuen, taldean musikari asko gaude-eta, eta aurrera egin genuen. Demetrioren konposizioa txisturako egindakoa da, eta txistua du oinarri bertsio berriak ere, baina ondo zetozen hainbat tresna aukeratu eta ereserkiaren moldaketa bat egin dugu".

Eltzian grabatu dute, Iñaki Zubiarekin eta Imanol Astudillorekin. "Txistua grabatzetik hasi ginen eta, apurka, instrumentu guztiak, segidan, eta ondoren, ahotsak, helduenetatik hasita gazteenak arte. Putz batzuk bota ditugu, baina sentsazio onekin bukatu dugu".

Belaunaldi bakoitzak berea

Ereserkiak hiru zati dauzkala kontatu du Agirrek: "Hiru estrofako kantua izatea zen hel- burua: Oñatz zena, Oñatz dena eta izango dena, hau da, dantzari ohiak protagonista lehenengoan; bigarren estrofan, gaur egungo dantzari helduak; eta hirugarrenean, haur dantzariak. Bertsolariak ere baditugu taldean, eta horiek arduratu dira ereserkiaren hitzak idazteaz".

Urteetan gordeta egon den kantuari indarra eman gura diotela dio taldeko kapitain Mikel Biainek: "Ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko gara. Haurrak ere inplikatu nahi ditugu; helburu horrekin atera genituen erraldoi-panpinak ere, eta harrera oso ona izan dute, eta ereserkiak ere lagunduko du".

Bideoklipa ere bai

Behin kantua grabatzen hasita, "zergatik ez irudietan ere jaso" pentsatu zuten, eta hala egin zuten, dantza taldeko kide ohi Jone Markuletari proposatuta. "Bi laguntzaile izan nituen. Musikariak hasieran lotsati samar zeuden arren, ohitu egin ziren gero kameretara. Edizio lana neketsua da, baina pozik gaude txukun geratu delako".

Sare sozialetan ikusgai dago, Youtubeko Oñatz 50. urteurrena izeneko kanalean.

Irailaren 25ean estreinaldia

Ereserkia zuzenean entzun eta kantatu ahal izango da urteurrenaren agur-ekitaldian. Hala dio Biainek: "Hasieratik garbi genuen bukaerako ekitaldia dantza talde nagusiaren emanaldia izan behar zela, eta ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dugu: hori horrela, herriko kultur taldeekin elkarlanean egingo dugu, eta gurekin izango dira Aita Madina Txistulari taldea, Oñatiko Udal Banda, Ganbara Abesbatza, Arrasateko Dultzaineroak, Txinparta Bertso Eskola eta Lizargarate Trikitizale Elkartea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak