Denboraldi berria "normaltasunean" hasteko ilusioz, pasa denaren balantzea egin dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko uzt. 19a, 10:22
Jabi Agirre, Javier Azpiazu eta Joseba Irizar, urteko batzar orokorrean.

Aloña Mendiko futbol sailak 2020/2021 denboraldiko kirol balantzea eta ekonomikoa egin ditu urteko batzar orokorrean. Bertan adierazi dute lehiaketarik gabe ez dela erraza izan entrenamenduen dinamikari eustea, baina datorren denboraldia "normaltasunean" hastea espero dute.

Urteko batzarra egin du Aloña Mendiko futbol sailak. Bertan 2020/2021 denboraldiko kirol balantzea eta balantze ekonomikoa egin dituzte.

Kirol balantzea

Zuzendaritzako kide den Jabi Agirrek adierazi du “ilusio bereziarekin” ekin ziotela denboraldi berria prestatzeari, “emakumezkoen mailan azken urtetan izan dugun aurrerapausoa konfirmatzeko, gizonezkoen ohorezko maila berriz dastatzeko eta gainontzeko taldeetan aurreko etenaren ostean eboluzioa finkatzeko asmoz”, baina pandemiaren okertzeak liga guztien etena ekarri zuen “itzultzeko datarik gabe”. Hala, gaineratu du lehiaketarik gabe ez dela erraza izan entrenamenduen dinamikari eustea, baina kirol koordinatzaileek eta entrenatzaileek egindako lan eskerga azpimarratu nahi izan ditu. Baita elkarteko COVID-19 arduradun Iker Egañak egindako lana ere.

Aipamen berezia egin die Maren Arabaolazari eta Ane Isasisasmendiri, datorren denboraldian Realak aterako duen senior mailako talde berrian jokatuko baitute, ohorezko mailan.

Aho batez onartu dute azaldutako balantzea.

Balantze ekonomikoa

Joseba Irizar diruzainak balantze ekonomikoaren datu garrantzitsuenen azalpena egin du eta nabarmentzekoa da denboraldia 6.388 euroko irabaziekin amaitu dutela. Denboraldiko diru-sarrerak 76.160 eurotakoak izan dira, eta gastuak, 69.772 eurotakoak.

Diruzainak azaldu du 2021/2022 denboraldian bazkideen kuotetan beste “murrizketatxo” bat egingo dutela; bazkide arruntek 30 euro ordainduko dituzte denboraldi berrirako, eta bazkide babesleek 50 euro. “Zuzendaritza batzordekook jakitun gara denboraldi honetan bazkideek ez dutela partidurik ikusteko aukerarik izan, baina, hala ere, kontuan izanda, elkartearen sostengua bazkideak direla, ahalegin hori eskatu beharrean gaude”, azaldu du Agirrek.

Aho batez onartu dituzte tarte horretako proposamenak ere.

Entrenatzaileei, konpentsazio ekonomikoa

Zuzendaritzako batzordeko kideek duten kezka bat ere azaldu dute batzarrean. Izan ere, azaldu dute azken hilabete hauetan ahalegin berezia, azken urteetako handiena, egin behar izan dutela euren elkarteko talde guztietarako entrenatzaileak eta arduradunak lortzeko. Hauxe azaldu dute: "Fase horretan gogoeta egin dugu zuzendaritzako batzordeko kideok eta kirol koordinatzaileok, eta ikusi dugu gure elkartean  lanean arituko diren entrenatzaileek konpentsazio ekonomikoa jasotzea merezi dutela denboraldian zehar egiten duten lan eskergagatik, eta horrek eragina izango du elkarteko jokalarien gurasoek ordainduko dituzten kuotetan. Oraindik kopuru zehatza ezin dugu zehaztu azterketa ekonomiko zehatza egiten ari baikara, baina horren berri jokalarien gurasoei emango zaie 2021/2022 denboraldiaren hasieran".

Denboraldi berrira begira

Abuztuaren 15ean hasiko dira erregional preferente mailakoak entrenatzen, Endika Ruizen ardurapean, eta dagoeneko lagunarteko partidu batzuk lotzen ere badabiltzala aurreratu dute. Talde kopuru berarekin jarraituko dute futbol sailean, hamalaurekin. Eta denboraldia “normaltasunean” hastea aurreikusten dute, baina gogorarazi dute "momentuko egoerak" baldintzatuko duela hori. Ondo bidean, irailaren 12an hasiko lirateke denboraldi berriarekin, ohorezko erregionalak eta jubenilak.

Agirrek azaldu du oraindik ez dakitela zein ikusle kopuru hartu ahal izango duen Azkoagainek, partiduak ikusteko. Baina momentuko egoerak baimentzen duenarekin egingo dute aurrera. Denboraldi berriak ekarriko du baita ere, Azkoagaineko aldagela berriak eta egin diren bestelako berrikuntza batzuk ere fundamentuz estreinatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak