16 eta 29 urte arteko herritarren txertaketa ofizialki astelehenean hasiko bada ere, dagoeneko badago txertoa hartu duen gazterik. Osakidetzak agendak betetzeko eman die hitzordua, eta, beraz, aste honetan jaso dute lehen dosia batzuek; tartean, Ane Urrestarazu 24 urteko oñatiarrak.
Noiz hartu duzu txertoa?
Martitzen arratsaldean eman zidaten; Pfizer konpainiaren txertoa, zehazki. Oñatiarra naizen arren, Zumarragako Ospitalean eman zidaten hitzordua.
Nolatan eman zizuten?
Joan den egubakoitzean zabaldu zuten hitzordua hartzeko epea, baina nik neuk ez nekien horretarako aukerarik izango ote nuen; izan ere, duela sei hilabete, positibo eman nuen. Hori horrela, aste honetan bertan amaitzen zitzaidan immunitatea, eta ez nekien oraindik itxaron egin beharko ote nuen.
Ez zenuen itxaron beharrik izan...
00:00etan, oheratu aurretik, Osakidetzaren webgunera sartu nintzen, baina ez nuen ikusi hitzordua hartzeko aukerarik. Beraz, zalantza argitzeko deitu nuen txertaketarako egokitutako telefonora, eta suertatu zitzaidan harrerako langileak berak eskaini zidala hitzordua. Jakina, baietz esan nion, pentsatu ere egin gabe. Edozelan ere, esan zidan Zumarragako Ospitalera joan beharko nuela. Egia esan, ez zidan axola izan Debagoieneko Ospitalera beharrean Zumarragara gerturatzeak. Lehenengoetakoa izan naiz, izugarrizko zortea izan dut.
Noiz hartuko duzu bigarren dosia?
Ez dut hartuko. Koronabirusa pasa nuenez, dosi bakarrarekin nahikoa dudala esan zidaten. Alegia, ziztada bakarrarekin amaitu dut txertaketa zikloa, eta esan zidatenez, datozen egunetan lortuko dut immunitate handiena.
Irakaslea zara. Txertoa hartuta beharko zenuke honezkero...
Eskolako lankideek apiril inguruan hartu zuten, eta hala egitekoa nintzen ni ere. Baina urtarrilean positibo izan nintzen, eta itxaron egin behar izan dut.
Nola zaude orain, txertoa hartu berritan?
Izugarri ondo. Ez dit inolako albo-kalterik eragin; ez dut sukarrik, ez eta besoko minik ere.
Zer ekarriko dizu txertoak?
Lasaitasuna, batez ere. Ezagutzen ditut erizain batzuk, eta haiek aholkatu zidaten hartzea. Hori horrela, kasu egitea erabaki nuen, eta ez nuen inolako zalantzarik izan.
Uda lasaiagoa pasako duzu, beraz?
Zalantzarik gabe. Are gehiago, astelehenean Balearretara, Menorcara, noa oporretan, eta bidaiatu ahal izateko COVID pasaportea aktibo izatea edota bidaiatu aurreko 48 orduetan PCR negatiboa izatea eskatzen dute. Dagoeneko pentsatuta nuen PCR proba egitera joatea –pasaporterik atera ezin nuelako–. Ez nuen uste oporretara joan aurretik txertoa hartzera iritsiko nintzenik, baina aurreikuspen guztiak hautsi eta halaxe izan da azkenean. Orain, prest nago oporretara lasai joateko.
Neurriak hartzen jarraituko duzu?
Jakina. Oraindik herritar asko geratzen dira txertoa hartzeko, eta uste dut bien bitartean kontu handiz jarraitu behar dugula. Nik neuk segurtasun neurriak mantendu egingo ditut.