Hamalau ortu gehiago daude baratze parkean

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko uzt. 10a, 10:48
Ortua San Martingo baratze parkean.

Duela zazpi urte hasi ziren San Martingo baratze parkea erabiltzen, eta 88 ortu daude gaur egun; partzela batzuk gelditzen dira libre oraindik, eta interesa duten herritarrek izena eman dezakete udaletxean. Lau urterako dira esleipenak.

Handitu egin dute San Martin auzoan dagoen baratze parkea. Hamalau ortu gehiago daude maiatz amaiera ezkero: 88, guztira. Partzela guztiak ari dira erabiltzen, baina libre ere badaude batzuk, eta, inork interesa edukiz gero, izena eman dezake udaletxean.

Baratze parkeko ortu eta eskaera kopuruak parekatuak izan dira hasieratik. "Itxarote-zerrenda ere egon da inoiz, eta, pandemiaren ondorioz, ortua izateko interesa gehitu egin da. Parkeko zati bat ohiko erabiltzaileek erabiltzen zuten, euren ortuetan toki asko hartzen zituzten barazkiak landatzeko, adibidez, eta zati hori lantzea, pasilloa egitea eta ur depositua jartzea erabaki genuen, gogoa zuten beste herritar horiei ere aukera emateko. Egun, gelditzen dira partzela batzuk libre, eta erabiltzaileek erabiltzen dituzte hutsik ez egotearren, baina, ikusiz gero jendeak interesa duela, eurei esleituko genizkieke. Horregatik, ortua izateko gogoa duten herritarrak animatu egingo nituzke izena ematera", azaldu du Oñatiko Udaleko Ingurumen zinegotzi Asier Iraetak.

Gipuzkoan eredu

Berez, lau urterako esleitzen dituzte ortuak, baina orain hartu dituztenek hurrengo esleipenera arte erabili ahal izango dituzte, gero baldintza beretan egon daitezen erabiltzaile guztiak. Orduan eskaerak gutxiago badira, bakoitzak bere ortuarekin jarraitu ahal izango du, baina, eskaerak gehitzen badira, baliteke partzelen zozketa egin behar izatea. Egungo baratze parkean ez dago ortu gehiago egiteko tokirik; egitekotan, beste gune batean egingo lirateke, gorago.

Duela zazpi urte hartu zuten ortua hor lehen erabiltzaileek, eta orain arteko esperientzia positiboa izan dela adierazi du Iraetak. Gipuzkoako beste herri batzuetan dauden baratze parkeekin konparatuz, eredu hartzen dute Oñatikoa, bere esanetan, "jarraipen eta txukuntasun aldetik, eta txabolak eta pasilloak dituela ikusita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak