Biolin-jotzaile klasiko nomada da ogibidez Maite Larburu musikaria. Euskal Herrian Neighbor taldearekin egin zen ezagun. 2019an, Hezurren azpian bakarkako lehenengo diskoa argitaratu zuen, eta horixe aurkeztera etorriko da Oñatira bihar, eguaztena.
Gogotsu zaude Oñatin egingo duzun emanaldirako?
Noski. Kontzertua gauza pozgarria da eta gogoz nago. Batez ere, kuriositatea daukat; kontzertu bakoitza abentura txiki bat da. Beti momentuaren menpean dago; ez dakizu inoiz zer gertatuko den, ez dakizu ikusleria nolakoa izango den, zein aldartetan egongo den, eta, gainera, kanpoan da, eta nik egiten egiten dudan musikarentzat, kanpoan egiten diren kontzertuak nahiko erronkatsuak dira, agian ez delako nire musika dantzaldi bateko musika. Beraz, ikusiko dugu zer-nolako giroa sortzen dugun.
Pandemiak nola eragin du zure ibilbide profesionalean?
Nire lan nagusia azken hamabost urteetan izan da antzinako musika klasiko biolin-jotzailearen ogibidea; beraz, nire lan-zirkuitu guztia Europa erdialdean dago eta hango hainbat talderekin kolaboratzen dut proiektuka. Pasa ditzaket bi aste Herbehereetan, eta gero, astebete Bulgarian edota tokatzen zaidan lekuan. Pandemiaren ondorioz, bidaia guztiak bertan behera gelditu dira, oso konplikatu bihurtu da beste herrialde batzuetako musikariekin edozein lurraldetan elkartzea, eta arlo horretako lana bertan behera gelditu zait.
Baina zure kantu sortzaile ibilbideari esker, hainbat proiektu izan dituzu esku artean, ezta?
Bai, beste lan batzuk sortu zaizkit zero kilometroan. Horietako bat izan da Axut! kolektiboarekin sortu dudan Amua antzezlanerako musika. Disko bat ere grabatu dut maiatzean, Krak izenekoa, eta hori irailean argitaratzeko asmoa daukat. Beraz, antzezlanarekin, nire kontzertu propioekin, Eñaut Elorrietaren kolaborazioekin, eta abar, lanik ez zait falta izan. Zorionez, emanaldiak baimenduak izan dira hemen, eta, egia esan, beste hainbat lurraldetan baino egoera hobea izan dugula esango nuke. Badakidalako, Iparraldeko lagunengatik, emanaldi guztiak debekatuta egon direla zortzi edo hamar hilabetez hainbat lekutan.
Oñatiko kontzertuan kantu berririk eskainiko duzu?
Disko berriko abestien zuzenekoak abuztuan prestatuko ditugu; beraz, Hezurren azpian lanekoak joko ditugu. Kontzertua kanpoan denez, kantuen aukeraketa martxosoagoa egiten saiatuko naiz, nahiz eta nire kantuak ez diren dantza egitekoak. Agertokian nirekin batera egongo dira klarinete baxuan Carlos Taroncher eta baterian Karlos Arancegui.
Zer da zuretzat agertokia?
Beste jende multzo handi batekin emozioak partekatzeko gune bat. Askotan azaldu izan dudan moduan, agertokian egotea neure buruarekin ringera salto egitea bezala da, momentu berezia, gogorra ere bai. Musika zuzenean entzutea bezalakorik ez dago; behin gertatzen da eta ez da beste inoiz errepikatzen.