Eguaztenean egin zuten bilera herriko jai nagusietan parte hartzen duten hainbat eragilek eta Udaleko ordezkariek San Migel eta Errosario jaiei begira. Haurren danborrada antolatzen dutenek, adibidez, egiteko prest daudela adierazi zuten, toki batean geldi egonda danborra jo behar badute ere. Nagusien danborradakoek, aldiz, ez dute aukera hori ikusten; nahiago dute ohiko danborradaren alde egitea eta gaur gaurkoz, hori ez da posible izango.
Artzain txakur txapelketako antolatzaileak ere izan ziren bileran eta posible ikusten dute txapelketa hori egitea, baldin eta Oñatikoaren aurreko saioak egiten badira, Oñatikoa finala izaten da-eta. Txosna batzordeak ere azaldu zuen asmoa gunea jartzeko eta egitaraua osatzeko, oraindik egin ez duten arren. "Udalak ere antolatu ditu kultura ekitaldiak, joan den urtean bezala", baieztatu du Iñaki Olaldek, Oñatiko Kultura zinegotziak. Herri Egunari begira, Nekazarien Elkarteko kideak ere egon ziren bileran. Gaur gaurkoz ez da egingarri egiten ohiko Herri Egunik, baina bai, adibidez, herriko gazta ekoizleen gazta lehiaketa. Oñatz dantza taldeak, bestalde, data horietan ekitaldi bat egiteko asmoa du, justu 50. urteurrenari amaiera emateko pentsatuta zuen ekitaldia.
Hemendik aurrera eragile bakoitza bere ideia garatzen eta aztertzen joango da, irailaren amaierako eta urriko hasierako egunetan egoeran zein den ikusi eta horra egokitzeko euren asmoa. Ez da beste bilera irekirik egingo, baina eragileeak eta Udaleko Kulturako ordezkariak harremanetan jarraituko dute.