Zaintza lanetan hobetu beharrekoez hausnartu dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko eka. 23a, 10:26

Susana Altuna, Sdenka Huaranca eta Jone Arrazola, martitzeneko solasaldian.

1950eko neskameen istorioetatik hasi eta gaur egungo etxeko langile migratzaileetarainoko ibilbideaz jardun dira, kultura etxean egindako lan saioan. Guztira, hogei emakume elkartu dira, horietako asko Oñatin zaintzaile lanetan dabiltzanak.

Bizitzak erdigunean: Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista bat 1950-2020 liburua, Selma Huxley bekarekin, Miren Arangurenek eta Jone Arrazolak egindako ikerketa lana da eta horren bueltan antolatu duten bigarren lan saioa egin dute kultura etxean.

Oñatiko zaintzaileen lana izan dute bertan hizpide. Guztira, hogei emakume batu dira, horietako asko gaur egun Oñatin etxeko lanetan jarduten direnak, eta eurak batzearen garrantzia azpimarratu du Arrazolak: “Emakume horiek elkartzea sekulako aurrerapausoa da, sektore horretako lehenengo zailtasuna delako indibidualizazioa, ez dago saretze bat eta horrek zailtzen ditu lan baldintzen aldeko borrokak eta emakume horiek ahaldunduta egotea. Hori 1950ean ere hala zen, neskameek ez zuten langile izaerarik. 70eko hamarkadatik gaur egunera bitartean ikusten da mugimendu feministaren laguntzarekin, lan horri garrantzia ematen joan zaiola, lan izaera hartzen joan dela eta orduan hasi ziren lan baldintzak hobetzeko borrokak”.

Eta hauxe gaineratu du: "Ikerketa bat egin dugu, baina argi geneukan horrek zerbaitetarako balio behar zuela, eta horretarako, antolatu ditugu tailer hauek; jendea batzeko. Ikusita zaintza lanak oraindik ere asko emakumeen esku gelditzen direla eta gehiegizko lan karga bat dagoela, oraindik gizonezkoek ez dituztelako behar besteko erantzukizunak hartzen, sortzen dira orain dela 70 urteko egoera berdintsuak gaur egun ere".

Egun Oñatin bizi den Esdenka Uharancak ere parte hartu du solasaldian, eta bideo bitartez ere azalpen batzuk eman ditu Boliviako Yola Mamani aktibista feministak.

Zailtasun administratiboak

Integrazioan laguntzen duen Elkarzabal elkarteko kide den eta era berean Ongizate zinegotzi ere baden Susana Altunak ere hartu du parte solasaldian. Azaldu du "zailtasun administratibo ugari" jasan behar izaten dituztela atzerritik Oñatira etorri eta zaintza lanak egin nahi izaten dituzten emakumeek. Izan ere, lehenik eta behin, herrian lan baimenak lortzeko, hiru urtez egon behar izaten dute erroldatuta Oñatin, eta ondoren aurre-kontratu bat lortu behar izaten dute. Kontratatzerako orduan, pertsona horrek "fidagarritasun ekonomikoa" esaten dena ere izan behar du eta hor ere askotan "arazoak" izaten dituztela adierazi du. Salatu nahi izan du, lan baimena lortu arte, "lauzpabost urte" behar izaten dituztela.

Dena den, eta egoerari soluzioak eman nahian, Udalak lanean jarraitzen duela esan du. Eta gaineratu du aurrerapauso bat ere eman dutela: "Udaletik saiatu izan gara horien arazo handi bat konpontzen: erroldarena. Batzuk egoten baitira kontratu gabe etxetan lanean, eta ugazabak ez die uzten erroldatzen, kontratua ez dutelako ogasunean deklaratzen. Dena den, Udaletik lortu duguna da Oñatin bizi direnak, udaltzainen bitartez ziurtatzen dela zein etxetan bizi diren, eta horiek erroldatzeko aukera lortzen dute".

Hurrengo saioa, martitzenean

Hirugarren eta azken lan saioa martitzenean egingo dute, hilaren 29an, 17:00etan kultura etxeko erakusketa gelan. Hartu eta eman: zaintza lanen demokratizaziorantz izeneko saioa izango da. Arrazolak esan du oso garrantzitsua izango dela gaur egun politikagintzan dabiltzan pertsonen parte-hartzea, eta baita ere kultur edota eragile sozialetan dabilen jendea joatea solasaldi horretara. Aurrez izena hemen eman behar da Oñatiko webgunetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak