Udan Oñati ezagutzeko zazpi plan proposatu dituzte bisitariendako

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko eka. 22a, 18:58

Oñati prest dago udan turistak jasotzeko eta Udaletik bi kanpaina abiarazi dituzte horren baitan. Alde batetik, eskaintza turistikoaren berri emateko, zazpi plan proposatu dituzte, eta bestetik, euskarari lotuta, UEMAk martxan jarri duen kanpainarekin bat egin dute.

Eskaintza turistikoari dagokionez, Oñatiko Udalak, Zatoz etxekoekin eta lagunekin Gipuzkoa barne-barnera, Oñatira! lelopean jarri du martxan bisitariei zuzendutako kanpaina.

Argitaratu dituzten esku-orrietan ikusgai daude herrian udan egin ahal izango diren zazpi plan, hiru gunetan banatuta: herriko erdigune historikoan, Arrikrutz-Oñatiko kobetan eta Arantzazuko eta Aizkorriko parke naturalean. Erdigune historikoan, turismo bulegoa eta San Migel errota ikusi ahal izango dira, baita Txokolateixia ere. Arrikrutz-Oñatiko kobak eta natura gunean, kobak ikusteaz gain, Gomiztegi baserria eta euskal zaldia ezagutzeko Pottokalekua proposatu dituzte. Eta azkenik, Arantzazu eta Aizkorriko parke naturalean, Arantzazuko santutegia eta parketxea azpimarratu nahi izan dituzte.

Oñatiko garapen eta turismo agentziako arduradun Ikerne Altubek uste du, aurten, familian etorriko direla bisitariak, eta hori kontuan hartuta, eurendako bisita bereziak antolatu dituzte, esaterako kobak bisitatzeko.

Duela gutxira arte, gehienez sei pertsonatako bisita gidatuak egin ahal izan dituzte turismo bulegotik aire librean, baina dagoeneko, hogei lagunera igo dute zifra hori eta espero dute bisitariak iaz baino "lasaitasun handiagoz" etortzea aurtengo udan herrira.

Euskara, ardatz

Bestalde, udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusarazteko eta aldarrikatzeko helburuz, Udalak bat egin du UEMAren Bertatik Bertara kanpainarekin. Hala, ekimenaren bidez, euskaraz eta euskararekin gozatzera animatu nahi dituzte bisitariak.

Hainbat material eta euskarri erabiliko dituzte kanpainan, eta, besteak beste, 10.000 mahai-zapi inguru banatuko dituzte Oñatiko jatetxetan eta tabernatan, euskaraz gain, beste bost hizkuntza jasoko dituen hiztegi batekin.

Iaz hamalau establezimenduk hartu zuten parte kanpainan eta aurten momentuz hamarrek eman dute izena. Baina Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek azpimarratu nahi izan du, iaz parte hartu zuten jatetxeez gain, berri batzuk ere eman dutela izena dagoeneko. Eta interesa duten establezimenduak oraindik ere garaiz dabiltza kanpainan parte hartu eta mahai-zapi horiek jasotzeko. Turismo bulegora edota Udaleko euskara departamentura jo beharko dute.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak