Pandemiak, hainbat oñatiarren Internet konexio gabeziak azalarazi ditu. Zehazki, Oñatiko landa guneko 210 eraikinek ez dute Internet banda zabaleko konexiorik eta herrigunean ere, eraikin batzuetan ez da banda zabalerako sarrerarik. Baina gogoratu, 2011. urtean Nazio Batuen Erakundeak Interneterako sarbidea, giza eskubide gisa aitortu zuela.
Argindarraren kudeaketan, esperientzia
Argindar sektorean, hainbat urtetako esperientzia dauka herriak. Oñatiko Ur Jauziak-en bitartez, herritarren energia kontsumoa, berriztagarriz sortzen da; Oñargiren bitartez egiten da banaketa; eta Merkaoñak kontratuak eta arreta zuzena eskaintzen du. Bada, hemendik aurrera oinarrizko zerbitzua den Internet herritik kudeatzeko bideari ekin diote.
Operadore propioa sortu dute
Telekomunikazio operadorea martxan jartzeko erabakia aho batez hartu zuten eta Merkaoña argindar merkaturatzaileak hartuko du bere gain, telekomunikazio operadore izaera ere. Operadore propioa sortu dute, beraz, eta Izarkom euskal telekomunikazio operadore kooperatiboaren laguntza jaso dute horretan.
Onaro, zerbitzu "integrala" eskaintzeko
Lau helburu nagusirekin sortu dute Onaro: herritar guztiei banda zabaleko konexioa emateko; arreta zuzena, gertukoa eta "engainurik gabea" eskaintzeko; herritarren beharrak herritik erantzuteko, bertako hornitzaileekin lanean; eta oinarrizko zerbitzuak herritik hobeto kudeatzen direnaren konbentzimenduz dihardutelako. Horixe azaldu dute aurkezpenean Izaro Elorza alkateak eta Xabier Igartua zinegotziak.
Zerbitzu "integrala" eraiki nahi izan dute eta Internet, mugikorra eta telefonia finkoa eskainiko dute, egitasmoa herrigunera zabaltzeko asmotan.
Landa guneetara, irrati lotura bidez, 30/30Mb banda zabala eskainiko dute, Belarren eta hilerrian jarritako supernodoei esker. Eta prezioa 25 euro hilean izango da. Telefono finkoarekin, hiru euro gehiago eta zenbakia mantendu egingo dute.
Aurkezpenean adierazi dute, gainontzeko operadoreen estaldura bera eskainiko duela eta hauek izango lirateke mugikorretarako daukaten hiru eskaintzak: 2 GB eta 150 minutuko deiak, 6,90 euro hilean; 9 GB eta dei mugagabeak, 9,90 euro hilean; eta 23 GB eta dei mugagabeak, 14,90 euro hilean.
Internet, zuntz optiko bidez eskaintzeari buruz zehaztu dute jaitsiera eta igoera abiadura bermatzen duen FTTH teknologia aurreratua erabiliko duela, etxeraino iristen den "benetako" zuntza, oraingoz, beste operadoreen azpiegitura erabilita. Horrako dituzten eskaintzak hauek izango lirateke: 100/100 Mb abiadurako zuntz simetrikoa, telefono finkoa barne eta alta ematerakoan 50 euro ordainduta, 29,99 euro hilean; edota bigarren aukera, berriz, izango litzateke 600/600 Mb abiadurako zuntz simetrikoa, telefono finkoa barne eta alta ematerakoan 50 euro ordainduta, 49,99 euro hilean.
Informazio gehiagorako
Webgunea martxan jarri dute eta beste hainbat bide ere badaude informazio gehiago jaso eta interesa izanez gero, Onarorekin kontratua sinatzeko. Bidebarrieta 24an dagoen bulegoan arreta pertsonalizatua eskaintzen dute, 943 71 80 10ra ere deitu daiteke, edota arreta@onaro.eus-era idatzita.
Hilaren 30ean, herritarrendako aurkezpena
Kultura etxean, hilaren 30ean, 18:00etan berriro aurkeztuko dute Onaro eta edozein herritar joan ahal izango da bertara informazio gehiago eskuratu eta zalantzak argitzera.