Aitortza jasoko dute gaur herriko hamalau odol emailek

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko eka. 11a, 07:00

Aitor Kerexeta oñatiarra odola ematen. (Argazkia: A.K).

Odola 24, 40, 50 eta 75 aldiz emango dutelako Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen esker ona eta agiria jasoko dute gaurko ateratzean. Odol premia dagoela eta emaile berrien beharra ere badutela gaineratu dute herriko elkarteko kideek.

Berez, iazko udazkenean egin behar zen aitortza ekitaldi hori, 2019an 25, 40, 50 eta 75 odol-emate egin zituztenei esker ona adierazteko. Baina pandemiagatik ezin izan zen egin, eta gaurko odol ateratzean egingo dute, 18:15ean, Mondragon Unibertsitateko fakultatean. Guztira, Oñatiko hamalau odol emaile omenduko dituzte: zazpik 25 aldiz eman dute odola, batek 40 aldiz, bik 50 aldiz eta lauk, berriz, 75 aldiz.

300 odol poltsa egunean

Euskalduna odol emaile "fidela" dela dio Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko presidente Sabin Urzelayk, Euskadiko %3 dela odol emaile, baina odola beharrezkoa dela gogorarazi eta azpimarratu gura izan du: "Eus-kadin, egunean, 300 bat odol-poltsa behar dira eta ezin da ahaztu odola 42 egunera iraungi egiten dela".

Oñatiko elkarteko kideak ere behar horren jakitun dira, eta horregatik dei egiten diete emaile direnei, tarteka ez bada ere, odola ematera joateko, eta oraindik egin ez direnei, odol ateratze batera joan eta emaile egiteko. Gaur, 16:30etik 20:00etara egongo dira MUko Enpresagintza fakultatean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak