Transmisioa, belaunaldiz belaunaldi egindakoa

Maialen Santos 2021ko eka. 5a, 10:08

Ezkerretik eskuinera, Mari Tere Txopitea eta Manu eta Martin Egaña, familia bereko hiru belaunaldi, asteon, parrokian.

Bihar, domeka, ospatuko dute ezohiko Corpus eguna, eta jai erlijioso horri oso lotuta dago Egaña-Txopitea familia. Sendi horretako ama katekisten koordinatzailea da egun, haren semea kofradiako kide da eta bilobak, aldiz, Jaunartzea egingo du aurten.

Ezohiko moduan bada ere, bihar ospatuko den Corpus egunari estuki lotuta dago Egaña-Txopitea familia. Balio erlijiosoak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira euren etxean, eta egun, Manu Egaña kofradiako kide gazteena da eta haren ama Mari Tere Txopiteak katekisten koordinatzaile lanetan dihardu. Biek ala biek azaldu dute aurtengo corpusak "bereziak" izango direla, osasun krisiak hala baldintzatuta.

Urteko hitzordu nagusia

Duela hiruzpalau urte batu zen kofradiara Egaña: "Aitona taldeko kide zen, eta gure arbasoek zuten espiritualitatea bizitzeko erari jarraipena eman gura izan niolako batu nintzen ni ere". Gehitu duenez, kofradiako kideentzat urteko "hitzordu nagusia" izaten dira corpusak, eta, aurten ere, meza nagusian izango direla azaldu du: "Besteak beste, kofradiak izaten du prozesioa antolatzeko ardura, eta aurten pena izango da horrelakorik egin ezin izatea. Edozelan ere, meza nagusian parte hartuko dugu, kapa beltzak jantzita izango baikara bertan".

Umeak, prozesioaren parte

Pandemiaren aurretik, urte berean lehen jaunartzea egin zuten haurrek ere hartzen zuten parte meza osteko prozesioan, eta jaunartzea zein prozesiorako umeak prestatzen aritu izan dira urteetan zehar Txopitea eta gainontzeko katekistak: "Aingerutxoak prestatzearen ardura ere guri dagokigu. Esango nuke prozesioaren parte garrantzitsua direla haurrak. Pentsa, nik ere badut aingerutxo atera nintzeneko argazki bat, txikitan".

Prozesioa bertan behera uzteaz gain, aurtengo lehen jaunartzeak atzeratzea ere eragin du pandemiak. Hain zuzen, familia bereko hirugarren belaunaldiko kidea da Martin Egaña, eta, aitaren eta amonaren urratsak jarraituz, aurten egingo du jaunartzea: "Uztailaren 25ean izango da hori, eta gogotsu nago. Dagoeneko hasita gaude jaunartzea prestatzen; Jesusen bizitza errepasatzen dugu katekesian, eta baita Gure aita errezatu ere, besteak beste". Gehitu du prozesioan parte hartu ezin izateak ez duela askorik kezkatzen.

Gurasoen inplikazio beharra

Txopiteak adierazi duenez, balio erlijiosoak hurrengo belaunaldiei transmititzeko orduan gurasoen inplikazioa guztiz beharrezkoa da: "Izan ere, sarri gertatzen da behin jaunartzea eginda erlijioarekiko harremana galduz joatea".

Ildo horretatik, azken urteetan inplikazioa erakutsi duenetako bat da haren semea, Manu, eta katekista lanetan ere badihardu, neska-mutikoekin: "Hiru urte dira guraso talde batek erronka hori hartu genuenetik. Ikusten genuen betiko katekistak adinean aurrera doazela pixkanaka, eta guraso batzuek hartu genuen haurrak espiritualtasunean hezteko ardura hori".

Hala, maiatza, ekaina eta uztaila emango dituzte seme-alabekin batera jaunartzea prestatzen: "Astero elkartzen gara jaunartzea prestatzen laguntzeko; orain arte egin duten lanarekiko errespetu osoz, eta gure estilo propioari jarraiki".

Mezarako gonbidapenak, agortuta

Corpus egunari lotutako ospakizun gutxi izango dira aurten, pandemiaren eraginez. Domekako meza nagusia izango da hitzordu garrantzitsuena, eta horren osteko prozesiorik ez dute egingo. Edukiera mugak direla-eta 300 lagunek izango dute elizkizunera joateko aukera. "Eguaztenean jarri genituen eskuragai gonbidapenak, eta hogei minutuan guztiak agortu ziren", azaldu dute parrokiako arduradunek. Errosarioko Ama eta Mikel Aozaraza santuen irudiak ere izango dira San Migel parrokian.

Corpusen bueltan, Oñatz dantza taldeko dantzariak ikastetxez ikastetxe aritu ziren atzo. Eta bihar, bestetik, 18:15ean, emanaldia eskainiko dute plazako pilotalekuan, txistulariek lagunduta. Emanaldira joateko, gonbidapenak hartu behar dira aurrez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak