Zer da, zehazki, egin duzuna?
Programaren lehen pausua Oñati herriaren "digitalizazio" bat egitea izan da; hau da, programan biztanleria bat sartu dugu, Oñatiko piramide demografikoan oinarrituta. Ondoren, herriaren "mapa" eraiki da ostalaritza lokalak, eskolak, lan eremuak, toki publikoak... sartuz. Honetarako gehienbat enplegu datuetan oinarritu naiz. Ondoren pertsona bakoitzari portamolde bat ezarri zaio, hau da, zein tokitatik zein tokitara mugituko diren zehazten duen balio multzoa. Honetarako pertsona bakoitzari lantoki edo eskola bat, famili multzo bat, "kuadrilla" bat eta aisialdi denbora nola erabiliko duten zehazten duten parametroak ezarri zaizkio. Azkenik, kutsatze eredu bat sartu da, eta honi esker, herrian zehar gaixotasuna nola zabaltzen den ikusi daiteke. Baldintza ezberdinak ezarriz, -eskolak itxiz, taldeak mugatuz, aztertze eta testatze sistema ezberdinak sartuz...- gaixotasunaren hedapena nola aldatzen den ikusi daiteke.
Zertarako balio dezake programa horrek?
Programak herri, probintzi edo eremu baten gaixotasun batek izango duen hedapena aurresaten du, eta baldintza ezberdinen inplementazioa onartzen du. Hau dela eta, programan nahi diren neurri guztiak sar daitezke: tabernen itxiera, konfinamendua, testatze estrategia ezberdinen inplementazioa... Eta neurri hauek inplementatu ostean hedapena nola aldatzen den ikus daiteke, aurreikuspen zehatzagoak eginez. Esaterako, horrelako egoeratara iritsi gaitezke: "neurri hau inplementatuz gero, hemendik bi hilabetera X kasu izan ditzakegu, Y ospitaleratu eta guztira Z PCR egin beharko ditugu; beste neurri hau inplementatuz gero ordea zifra hauek erdira jaitsi daitezke".
Metodo epidemiologiko klasikoek ez dute horren aurreikuspen zehatzak egiteko gaitasunik, ezta neurriak inplementatzeko gaitasunik ere, eta simulazioek emandako informazio hau funtsezkoa izango litzateke osasun estrategiak diseinatzeko. Aplikazio partikular batzuk ere izan ditzake lan honetan diseinatu den metodoak, esaterako lantoki edo eskola baten pertsonen distribuzio seguruak bilatzeko.
Irakurri dut bideo-joko baten antza duela. Egia da?
Programan bertan pertsonak mapan alde batetik bestera mugitzen dira, etxera, lanera, kalera.... zentzu horretan SIMS-erako bideo-joko batekin konparatu daiteke. Hala ere, mugimendu hauek ez dira pantailan ikusten, bideo-joko baten ez bezala; soilik kalkuluetarako erabiltzen diren eragiketak dira.
Jolas moduan erabil daitekeen aplikazio ba da?
Orain dagoen bezala ez behintzat. Programaren erabilera nagusia, neurri eta testatze metodo efektiboagoak bilatzea izango litzateke, baina hauek inplementatzeko programaren kodea aldatu behar da, hau da, programaziorako ezagutza bat behar da, eta esan bezala, programa exekutatzen denean, pantailan ez da ezer adierazten.
Nola egin duzu? Zein datu sartu dituzu?
Biztanleria eraikitzeko Oñatiko datu demografikoak erabili dira. Enplegu datuak lantoki eremuak eraikitzeko eta pertsona bakoitzari lantoki bat esleitzeko erabili dira. Azkenik, Euskal Herrian eta Espainian eginiko aisialdiari buruzko inkestak erabili dira pertsona bakoitzak aisialdian egingo dituen jarduerak zehazteko.
Probatu duzu?
Programaren hiru erabilera probatu dira. Lehena, neurri ez-farmakologikoen inplementazioa: Programan ekainetik abendura bitartean ezarri diren neurriak inplementatu dira kronologikoki, maskaren erabilera, ordutegien murrizketa, uda osteko eskolen irekiera... eta programan behatu den gaixotasunaren hedapena errealitatean emandakoarekin bat dator (data.png irudia). Bigarrena da, testatze eta aztertze metodoen inplementazioa: Test gehiago eginez kasu kopurua nabarmen murriztu daitekeela ikus daiteke; simulazioetan test gehiago eginez kasu kopurua sei aldiz gehiago murriztea lortu da. Eta hirugarrena, segurtasun neurri pertsonalen inplementazioa: Distantziamendu eta maskaren erabilera tasa ezberdinak inplementatuz neurri hauek nola eragin duten behatu ahal izan da.
Aste Santutik maiatzaren hasierara arte, hilabete gutxi gora behera, egon da eremu gorrian Oñati. Hori aurreikusiko luke programa honek, adibidez?
Kutsatzeen igoera hauetan hainbat faktorek hartu dezakete parte, neurrien erlaxazioak (eta hauek suposatzen duten jarduera sozialen igoerak) eta baita gaixotasunaren andui ezberdinek, Erresuma batuan edo Hegoafrikan emandakoak, adibidez. Garaturiko programa aldaketa hauek errepikatzeko gai da, kutsatze ereduan, neurri ez-farmakologikoetan eta pertsonen portaeretan aldaketa egokiak eginez. Hau dela eta, programak honelako egoerak aurreikusteko gaitasuna izango luke, hala ere, garaturiko programa lehen bertsio bat da soilik, eta emaitzak oraindik hobetu daitezke, esaterako, inguruko herriek duten eragina inplementatuz gero.
Herri bat, Oñati, hartu duzu adibide moduan eta hortxe aplikatu. Baina, enpresa edo ikastetxe batean ere erabil daiteke, adibidez?
Hori da, programaren oinarriak pertsonak eta leku sinpleak dira. Oñatiko datuak erabiliz pertsona eta toki hauek eremu (lan eremu, eskola eremu...) eta biztanleria konplexuagoak eraikitzeko konbinatu dira. Beste herri edo probintzietako datuak erabiliz posible izango litzateke eremu horiek ere simulatzea. Ikastetxe bat simulatzeko esaterako, ikastetxea ikasgela ezberdinetan banatu daiteke, eta ondoren toki komunak gehitu, pasillo, komunak, jolastokia... Kutsatze probabilitatea distantzia eta esposizio denbora bezalako parametroek baldintzatzen dutenez, planteamendu honen aukera interesgarri bat segurtasun protokoloak diseinatzeko balioko lukeela izango litzateke, esaterako, eserlekuen banaketa seguruak bilatzen lagunduz.
Non dago programa hori? hau da, edonork erabiltzeko moduan dago?
Programari buruz hitz egiten dugunean kodea izan behar dugu buruan. Programa momentuz nahiko primitiboa da, kode multzo bat besterik ez. Hau exekutatzen dugunean eta programak kalkuluak egiten dituen bitartean pantailan ez da ezer ikusten, eta simulazioa amaitzean (kasu batzuetan orduak iraun dezake), emaitzak Excel erako fitxategi batean gordetzen dira. Kode multzo honek, orain dagoen bezala, soilik Oñati simulatzeko balio du, eta soilik COVID-19 gaixotasunarekin, beraz soilik kodea igotzea ez da horren praktikoa. Hala ere, kodearen hainbat atal eta lanean jarraitu diren prozedurak erabilgarriak izan daitezke beste eremu edo gaixotasunen simulazioak egiteko. GRAL-ean kodea zuzenean igo beharrean, atal eta prozedura hauek zehaztasunez deskribatu dira, errezeta estiloko bat eskainiz, etorkizunera begira mota honetako programak eraikitzeko irizpide eta laguntza gisa izateko. Esan bezala, programa honek soilik Oñatirentzat eta COVID-19arentzat balio du, hala ere, programa hau eraikitzeko jarraitutako pausu hauek erabilgarriak izan daitezke etorkizunean, toki ezberdinetara moldatu daitezkeen eta edozein gaixotasunen aurka lagundu ditzaketen programak eraikitzeko.