HAPOaren aurrerakina "kezkagarria" dela deritzo EAJ-k

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko mai. 28a, 13:37

Garay-ko lurzorua.

Udal gobernuak plana diseinatzeko orduan izandako" anbizio eta zorroztasun falta" salatu ditu EAJk prentsa ohar bidez eta aurrerakina herritarrak behar bezala informatu gabe idatzi dela azpimarratu. Etxebizitzei buruz, Garayko lurzoruaren aldeko "apustu irmoa" egiten dutela ere badio oharrak.

EAJ-ri "kezka" sortzen zaio HAPOaren gainean Udala hartzear dagoen irizpide eta helburu orokorrek, "hainbat gai oker planteatuta baitaude". Horixe dio alderdi jeltzaleak gaur bidali duen prentsa oharrean. Dio plan honek "herrian eta herritarren etorkizunean duen garrantziaz jakitun", iradokizun "sorta zabala" aurkeztu zuela EAJ-k eta ez dutela oraindik erantzunik jaso: "EH Bilduren gobernuak oraindik arrazoitutako erantzunik eman ez badigu ere, joan den maiatzaren 10ean egindako saio irekian gure proposamenetako bat bera ere planean jaso ez dutela ondorioztatu ahal izan genuen" eta horrek "kezkatu" egiten dituela gaineratu dute. Kezka, bereziki, hiru esparruri dagokionez: bizitzeko lurzoruaren esparrua, ekipamenduena, zehazki kultur eta kirolari lotutakoak, eta herritarren partaidetzarena.

Bizitzeko lurzoruaren inguruan, EAJ-k iritzi du "akats handia dela datozen urteetako etxebizitzak Cegasa eta Eroski-Berazao lurzoruetan kokatzea". Lurzoru horiek "leheneratzearen eta erabilera eta eraikigarritasun berriak" ematearen aldekoa bada ere, EAJ-ko udal taldeak dio oharrean hori epe luzerako estrategia dela, bideragarritasun zaila dutelako (15-20 urte): "Beraz, bien bitartean, Oñatiko etxebizitzen eraikuntzarako beste irtenbide bat bilatu behar da. Horrela ez bada, non biziko dira gaur egungo gazteak eta urte horietan independizatu eta familia osatzen dutenak? HAPOak gaur egun planteatzen duenari jarraiki, Kasablanka, Kurtzekua eta San Martineko etxebizitzena bada beraien alternatiba bakarra, astakeria bat ordaindu beharko dute etxebizitza horiek eskuratzeko, prezioa asko igoko baita. Etxebizitza hutsen okupazioa aitzakia bezala erabiltzeak balio ez duela gaineratu du, "okupazio hori ezin baita denboran zehar kudeatu edota programatu".

Era berean, "sinesgaitza" egiten zaio Eroski-Berazaon 190 etxebizitza eraiki ahal izatea. "Azterketa zehatzago bat egingo balitz, ondorio horretara iritsiko ginateke. Izan ere, Natrako (Zahor) eremuan ezin da etxebizitzak egitea proposatu, zarata arazoak eta erabileren bateraezintasuna direla eta", dio. Ildo horretan, Oñatiko EAJk-  Garayko lurzoruaren aldeko "apustu irmoa" egin du eta EH Bilduren Udal Gobernuak hori aintzat ez hartzea "akats handia" dela iritzi. "Garay eremu oso garrantzitsua izan daiteke Oñatiko hiri-egitura osoan, eta aukera eta hobekuntza handiak ekarri ditzake herrira, besteak beste, hiri- sekuentziaren jarraitasun handiagoa erdigunetik Olakua eta San Lorentzo eremuetara, San Lorenzo eta Errekalde lotzen dituen tunela kentzea aire zabaleko konexioa egiteko (egun udalerriko puntu beltza)" .

Kirol ekipamenduei dagokionez, "ez da behar bezala aztertu, ezta eztabaidatu ere, futbol zelaiaren behin- betiko kokalekuaren gaia", EAJ-ren iritziz. "Gure iritziz, ez litzateke Korriuena futbol-zelairako aukera gisa baztertu behar, ondo komunikatuta dagoen eremua delako, gertukoa, eta, gainera, harmailak, aldagelak edota aparkalekua eraikitzeko aukera eskaintzen duelako” gehitu du.

HAPOAren aurrerakina egin ostean, herritarrei dokumentuaren ulermena erraztu ez zaiela ere salatzen dute oharrean jeltzaleek.
"EH Bilduren Udal Gobernuak asmo gutxiko plan bat osatu du, nola edo ahala, gehiegi sakondu gabe eta zorroztasun gutxirekin eta hori kezkagarria eta aldi berean, etsigarria da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak