San Martingo hariztiaren egoera aztertu eta oinezkoen bidea birgaitu gura ditu EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko mai. 19a, 16:16

San Martingo hairiztia (Argazkia: oñatiturismo.eus)

"Lurzoruaren landare-estalkiak higadura seinale argiak dituela eta horrek zuhaitzen osasuna arriskuan jartzen" duelako, San Martingo hariztiaren azterketa objektiboa egitea eta oinezkoen bidea birgaitzea eskatu dio EAJko udal taldeak EH Bilduren Udal Gobernuari. Hori egiteko aurrekontuetako gerakina erabiltzea proposatu dute jeltzaleek.

EAJko udal taldeak beharrezkoa ikusten du San Martingo hariztiaren azterketa egitea eta oinezkoen hango bidea birgaitzea, eta eskari hori EH Bilduren Udal Gobernuari egin diola adierazi du prentsa ohar bidez. Oinezkoen egungo bidea egoera txarrean dagoela diote oharrean jeltzaleek, eta "iraganezina" dela eta ondorioz herritarrak belarretik ibiltzen direla. "Eguraldi onarekin eta oinezko mugimendu gutxirekin, ez dago arazo handirik; baina, San Martin auzo berria eta auto-karabanen parkearen ingurua direla eta, eremuko zirkulazioa nabarmen handitu da. Ondorioz, jende gehiago pasatzen da parkeko belarditik eta horrek belarra altxatzea, lokatza agertzea, lurra trinkotzea eta, are gehiago, landare-estalkiko lurzoru emankorra eramaten dute errekatxo txikiak ere sortzea eragin du, zuhaitzen sustraiak agerian utziz. Laburbilduz, horrek guztiak lurreko landare-estalki hori higatzea eragiten du, zuhaitzen aireko eta lurpeko aldearen arteko oreka hautsiz", dio oharrean Andoni Altuna udal taldeko ingurumen zinegotziak.

Hariztiaren azterketa egitea ere eskatu dute jeltzaleek eta azterketa horren emaitzarekin parkea egoera onean mantentzeko egin beharreko ekintzak identifikatu ahal izango direla gaineratu. Eskaera hauek 2021eko udal aurrekontuetarako proposatu zituen alderdi jeltzaleak baina ez ziren onartu. Orain, lan horiek egiteko udal gerakina erabiltzea da proposatzen dute jeltzaleek, "herritarrentzat aparteko kosturik eragin gabe".

Azterketari lotuta, bestalde, hori bera gainerako udal parkeen inguruan egitea ere eskatu dio EAJko udal taldeak EH Bilduk osatzen duen Udal Gobernuari, prentsa oharrean jaso dutenez, "hala nola, Berezao, Beletxa, Olapoto, Ugarkalde, Asentzio...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak