Zein izan da, zehazki, zure lana?
Mikel Uralde zuzendariaren ondoan egon naiz une oro, jarraitutasuna eramaten. Grabazioetan sarri grabatzen dira gero film laburrean bata bestearen ondoren joango diren sekuentziak alderantziz, eta, muntaian egiten den lana errazte aldera, eszena onak izan direnak apuntatu di-tut. Horrez gain, aktoreek zeramatzaten arropak, ilea eta plano batean egon daitezkeen mahai-tresnak nola zeuden ondo begiratu behar izan dut, hurrengo grabazioan guztia berdin-berdin egon zedin.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso ona. Aurretik inoiz egon barik nengoen horrenbeste egun jarraian grabazio batean, eta ikaragarria izan da. Aurreko asteko eguenetik eguazten honetara bitartean egin ditugu ordu askoko grabazioak Gasteizen, eta oso gogorra izan da, baina merezi izan du.
Nolatan sortu zitzaizuen film laburra aurrera eramateko aukera?
Gasteizko Udalak eta Oihaneder Euskararen Etxeak jarritako Gazte Sortzaileak bekaren babesa izan dugu. Horrez gain, crowdfunding bat ere egin genuen, eta oso eskertuta gaude, 4.500 euro jasotzea lortu genuen.
Euskaraz egin duzue, ezta?
Bai; oso garrantzitsua zen hori guretzat, horrelako oso proiektu gutxi egiten dira-eta euskaraz. Euskal zineman muturra sartzeko ahaleginetan nabil, gainontzeko taldekideak bezala, eta guk ere horren parte izan nahi dugu. Beraz, euskarazko lanak sortzen gabiltza; dagoeneko badaukat beste proiektu baterako gidoi bat idatzita, gazteen lan prekarietateari buruzkoa, eta horretarako ere dirulaguntzak lortu nahi ditut.
Grabatu berri duzuen lanarekin zein helburu dituzue?
Orain, muntaiarekin gabiltza, eta asmoa da uda inguruan jaialdietara aurkeztea.
Irati Elortondo oñatiarra, film laburraren grabazioan, Anice Mateurekin eta Mikel Uralderekin batera.