Gerrako Oñatiko umeek ere jaso dute omenaldia

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko api. 24a, 22:29

Lehen filan eseri dira omenaldia jaso dutenak.

Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldian egin zaie omenaldia gerrako umeei. Oroigarri bana jaso dute oraindik bizirik dauden laurak eta duela hilabete hil zen bosgarrenaren semeak.

"Omenaldi xumea baina bihotzez egindakoa" dela adierazi du Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak. Baina aretoan zeudenen bihotzak hunkitu dituen omenaldia ere izan da. Bideo baten, gerrako umeak diren Debagoieneko hainbaten testigantzak entzun dira ekitaldiaren hasieran: nola joan ziren barku baten nora ez zekiten toki batera, bonben hotsa, nola banatu ziren familiako kideak, zelako gosea pasa zuten berriz Euskal Herrira itzultzean...

Gerrako parte izan ez arren asko sufritu zuten umeei egin gura izan die omenaldia Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Asmoa joan den urtean egitekoa zen, baina egoeragatik bertan behera gelditu zen. Eta gura baino modu xumeagoan egin arren, gehiago ez atzeratzea pentsatu zuten. "Azken urtean gerrako ume izandako bailarako hamar pertsona hil dira. Tartean, duela hilabete, Jose Mari Garcia oñatiarra. Bideoan entzuten dira bere bizipenak, eta sekulako gogoa zuen ekitaldi honetara etortzeko", azaldu du Garaik. Haren izenean bere seme Txema Garcia egon da ekitaldian. Iñigo Arregi eskultorearen irudi bana jaso dute.

Izaro Elorza alkateak ere horixe aipatu du, "ondo merezitako omenaldia" dela eta "gehiago atzeratu barik" egin beharrekoa. "Garai gogorrak bizi izan dituzue. Etxekoengandik banatzea, erbestera joan beharra... bizipen ikaragarriak izan dituzue. Isilik mantendu dira orduko kontuak baina bada garaia jasotzeko. Eskerrik asko ona etorri zaretenoi eta baita Intxorta 1937 Kultur Elkarteari ere".

Omendu dituzten gerrako ume oñatiarrak:

  • Garcia Zubia, Jose Maria (azken hilabete honetan hil da. Bere testigantzak jasota daude bideoan)
  • Lucas Iturri, Marcial.
  • Olalde Ituarte, Alfredo.
  • Olalde Ituarte, Jabier.
  • Urteaga Madinabeitia, Maria Angeles.

Albredo Olalde Ituarte, Egiaren Iturria oroigarria eskuetan duela (Frantzian egon zen amarekin).

Jabier Olalde Ituarte, Egiaren Iturria oroigarriarekin (Belgikan egon zen arrebarekin).

Marcial Lucas Iturri, Egiaren Iturria oroigarriarekin (Nimes-en, -Frantzia- jaio zen).

Txema Garcia (Jose Mari Garcia zenaren semea), Egiaren Iturria oroigarriarekin

Maria Angeles Urteaga Madinabeitia, Gasteizen bizi da eta etxean jaso du Egiaren Iturria oroigarria.

Omenaldiaren amaieran ateratako talde argazkia: omenduak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garai eta udal ordezkariak - Izaro Elorza, Iker Oñate eta Ainhoa Galdos-.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak