Jabier Olalde Ituarte: "Gurasoei ez zieten esan Belgikatik itzuli ginela"

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko api. 21a, 20:19
Jabier Olalde Ituarte, eurena den Berren-Zelai zerrategian, Goribarren.

Etxekoekin gerratik ihesian, Bilbon gelditu zen aita, Frantziara joan ziren ama eta anaia eta Belgikara bera eta arreba. Gerra osteko gosea ondo gogoan du oraindik. Guztira, Oñatiko 28 gerrako ume ditu zenbatuta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Zapatuan jasoko dute omenaldia, 12:00etan, osoko bilkuren aretoan.

1936ko irailean, 4.500 debagoiendarrek baino gehiagok egin zuten alde Euskal Herritik. Horietatik ia 500 adin txikikoak –16 urte artekoak– zirela ondorioztatu du Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, eta iaz egin ezin izan zieten omenaldia egingo diete, asteburuan, identifikatuta dituzten eta oraindik bizi diren 50 gerrako umeri. Jabier Olalde Ituarte (Oñati, 1928) eta anaia Alfredo, Oñatiko omenaldian egongo dira.

Nola gogoratzen dituzu orduko egunak?

Nik 7-8 bat urte izango nituen, eta Oñatitik Bilbora joan ginen, lehenengo, etxeko guztiok, gurasoak eta hiru anaia-arreba. Akordatzen naiz bonbak jaurtitzen zituztenean nola gordetzen ginen tunel baten azpian, trena pasatzen zen tunelaren azpian. Saskiak egin zituen gure amak Oñatin, eta Bilbon ere egiten zituen. Uste dut sufrimenduagatik hil zela ama hain gazte.

Eta Bilbotik, Belgikara.

Gurasoek ikusi zuten han ere ez geundela ondo, ez zela toki segurua, eta kanpora joatea pentsatu zuten. Gizonek ezin zuten joan, eta ama eta hiru anai-arrebok joan ginen Frantziara, txalupa baten lehenengo eta gerrako barku baten gero.

Bilbon gelditu zen aita?

Bai; koinata baten etxean. Norbaitek atea jotzen zuen bakoitzean komunean gordetzen ei zen.

Zer zegoen Frantzian?

Hareazko tontor edo menditxoak zeuden herri batean egon ginen, baina ez naiz akordatzen izenarekin. Dena dela, ez genuen denbora asko egin han. Banandu egin ginen berriz: arreba Maria Luisa eta biok Belgikara joan ginen, autobusean, eta ama eta anaia Frantzian gelditu ziren.

Non egon zineten Belgikan?

Liejara heldu ginen. Ez dakit non geunden, baina Internazionala abestu genuen oholtza baten gainean, eta bi familia etorri zitzaizkigun eurekin joateko esanez. Nire adineko mutiko bat zuten ni egon nintzen etxean, eta oso ondo moldatu nintzen harekin hasieratik, hizkuntza ez jakin arren. Arreba sarri ikusten nuen, beste etxe batean zegoen arren. Oso ondo egon ginen.

Nola ulertzen zenuen gerra orduan?

Etxeko gizona baserritarra zen, kalean bizi arren, eta alemanak sartu zirenean haren baserrira joan ginen. Alemanen aeroplanoak Ingalaterrara nola joaten ziren ikusten genuen, baita denak ez zirela bueltatzen ere. Baina gu ondo geunden.

Joan zara inoiz Liejara?

Bai. 25 urte nituenean eta baita eztei bidaian ere. Hangoak ere egon dira Oñatin: arrantzan ibili gara hemen, Urbiara ere joan ginen behin... Harreman handia genuen.

Nola itzuli zineten herrira?

Bilboko mojen komentu batera eraman gintuzten. Baina ez zieten ezer esan gurasoei; egunkarian gure izenak irakurrita jakin zuten non geunden. Komentura joan eta atera egin gintuzten gurasoek, ama eta anaia lehenago itzuli ziren-eta Frantziatik.

Nolakoa zen gerra osteko Oñati?

Zenbat negar egin nuen nik bueltatu ginenean! Ni oso ondo bizi nintzen Liejan, egunero nuen jatekoa han, eta hemen, berriz, sekulako gosea zegoen. Joan aurretik, etxeko oheak zerrategian gorde zituen gure aitak, eta haiek hartu eta senideen eta lagunen etxeetan egin genituen urte batzuk.

Zer giro zegoen?

Ez zen giro onik egon gerra aurretik; gure bi osaba, esaterako, tiroz hil zituzten Udanan. Ezta ostean ere. Ea Oñatira bueltatzen atrebitu ginen galdetu zidan lagun min batek, adibidez. Baina eurak ere, nahiz eta gerra irabazi, goseak, gure modura.

 

Oñatiko 28 gerrako ume

Guztira, Oñatiko 28 gerrako ume ditu zenbatuta Intxortak 1937 Kultur Elkarteak. Horietatik lau bizi dira egun: Jose Maria Garcia Zubia, Garcia Zubia, Alfredo Olalde Ituarte, Jabier Olalde Ituarte eta Maria Angeles Urteaga Madinabeitia. Azken hori Gasteizen bizi da egun eta ezin izango da zapatuko omenaldian egon. Baian Intxorta 1937 Kultur Elkartekoak egon dira bere etxean eta Egiaren Iturria izeneko oroigarria eman diote.

Nerea Villa Arantzeta eta Maria Angeles Urteaga Madinabeitia, Egiaren Iturria jasotzen Gasteizko bere etxean

Maria Angeles Urteaga, Prexen Madinabeitia amaren besoetan, lehena ezkerretik hasita (Argazkia: Intxorta 1937 Kultur Elkartea)

 

 

1 Alcelay Guridi, Paulo  G 14 Fr. Langres (Haute Marne)
2 Arregi Errasti, Luis G 1938 0 Cat. Barcelona
3 Atxa, Kontxita E GB.
4 Aztiazaran Ituarte, Catherine Frantzian jaio eta hil E 1937 0 Fr. Fr. (+)
5 Echevarria Begolain, Francisco G 1940-04 0 Fr.
6 Echeveste Alcelay, José María G 4 Fr. Langres (Haute Marne
7 Echeveste Alcelay, María Ángeles E 12 Fr. Langres (Haute Marne)
8 Echeveste Alcelay, Nicolasa E 10 Fr. Langres (Haute Marne)
9 García Zubia, José Luis  G Fr. Colombes (Hauts-de-Seine)
10 García Zubia, José María G Fr. Colombes (Hauts-de-Seine)
11 Gómez Echevarria, Rosita E 4 Cat. Manresa
12 Gutierrez Uribarri, Carmen E 1924 12 Fr.
13 Gutierrez Uribarri, Isaac G 1927 9 Fr.
14 Hernandorena Arrazola, Juan María G 4 Fr./Mex
15 Hernandorena Arrazola, María Pilar E Fr./Mex
16 Iraola Villar, Mikelita [Micaela] E 1925 10 GB.
17 Iraola Villar, Miren E 1921 13 GB.
18 Iriarte Mugika, Higinio G 1921 15 Fr.
19 Llona Agirre, Ignacio G 1936 0 Fr.
20 Navarro Garaikoetxea, Ana María E 1930 6 Arg.
21 Navarro Garaikoetxea, María Soledad E 1936 1 Arg.
22 Olalde Ituarte, Alfredo G 1933 3 Fr. Clermont-Ferrand (Puy-de-Dôme)
23 Olalde Ituarte, Jabier G 1928 8 Fr. / Bel.
24 Olalde Ituarte, María Luisa E 1926 11 Fr. / Bel.
25 Urcelay Aguirrebengoa, Félix G Fr. Berck (Pas-de-Calais)
26 Urteaga Madinabeitia, Josefa E 1932 4 Fr.
27 Urteaga Madinabeitia, María Ángeles E 1936 0 Fr.
28 Urzelai Estua, Sabino G 10 Bel.

Inork gerrako umeei buruzko informazio gehiago balu: izenak, argazkiak, gertaerak... eurekin harremanetan jartzeko helbidea jarri du eskura Intxora 1937 Kultur Elkarteak, ahalik eta informazio gehien jaso gura dute eta. Hauxe da helbidea: intxorta1937@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak