Bikoizle lana, ahotsa jartzea baino gehiago

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko api. 23a, 10:00

Mikel Sagarzazu, etxean, bikoizketa lan bat grabatzen.

Mikel Sagarzazu bikoizlea da, eta pandemia egoerak bultzatuta, azkenaldian geroz eta bikoizketa lan gehiago egiten ditu etxetik. Bere lanak erakustea da horren helburua eta sare sozialen bitartez partekatzen ditu bere estudioan egindako lanak

2012an hasi zen antzerkigintza ikasten Mikel Sagarzazu. Formakuntza hori bukatu ostean, Donostian, Binahi casting agentziarekin hasi zen lanean. Pare bat urtetan hainbat figurazio eta pare bat film laburretan hartu zuen parte. Gero hasi zen agentzia horretan bertan, bikoizketa klaseak jasotzen. Bi urtez jaso zituen bikoizketarako formazio saioak, eta ondoren, hainbat lan egiteko lehen deiak jasotzen hasi zen: "Gustura hasi nintzen, bikoizketa lanak egitea asko gustatzen zait eta horretan jarraitzen dut", adierazi du pozik Sagarzazuk.

Grabazio estudioa, etxean 

Ordutik sarritan zapaldu ditu grabazio estudio profesionalak. Baina pandemiak eraginda, azkenaldian etxean hasi da bere bikoizketa lanak grabatzen. Eta ez da mugatzen grabatzera: testuak itzuli, moldatu, zuzendu, grabatu eta soinua eta irudia editatzen ditu, bi ordenagailu eta mikrofono batekin. "Ez da estudio profesional bat, baina askoz era merkeagoan, posible da lana etxetik egitea", azaldu du. Behin lanak bukatuta, sarri igotzen ditu eduki horiek bere sare sozialetara, jende gehiagorengana iristeko asmoz.

Bikoizle lanetan jarduten denean, dio ez dela bakarrik pertsonaia bati ahotsa jartzea, "ikusi egin behar dituzu pertsonaiaren mugimenduak, intentzioak, nola jartzen dion indarra ahotsari...".

Lan profesionalak ere bai

Bikoizle moduan egin duen lan handiena Chicago Fire telesailean izan da. AXN plataforman ari dira eskaintzen orain zazpigarren denboraldia astelehenetik ostegunera bitartean, 17:30etatik 19:30etara, egunero hiru kapitulu. "Proiektu horrek daukan indarra, ez dut uste oso ondo aprobetxatuta dagoenik. Izan ere, Donostiako eta Madrilgo hainbat bikoizlek hartu dugu bertan parte. Hemengoen artean daude, adibidez, Goenkalen ezagun egin zen Iñaki Beraetxe, edota Kandido Uranga. Madrilgo bikoizleen artean daude, esaterako, Marvel edota Star Wars-eko pelikuletan parte hartu izan dutenak. Eta horrelako telesail batean, alde bateko zein besteko kalitatezko ahots horiek guztiak batzea benetan zoriontzekoa da. Iruditzen zait horrelako proiektu gehiago sustatu beharko liratekeela".

Oraindik behintzat, Euskal Herrian ez omen da posible bikoizle lana egiteagatik bakarrik bizitzea, baina, esperantza dauka aurrera begirako proiektu "handi" gehiago ateratzea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak