Antixena gaztetxea jasaten ari den "kriminalizazioa eta polizia jazarpena" salatu dute

Maider Arregi 2021ko api. 9a, 19:38

Antixena gaztetxea itxi izana salatu dute asanbladako kideek arratsaldeko prentsaurrekoan. Bihar, zapatua, mobilizazioak deitu dituzte, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Hala, 17:30ean kontzertuak egingo dira azokan, eta 20:00etan manifestazioa abiatuko da plazatik.

"Antixena gaztetxea jasaten ari den kriminalizazioa eta polizia jazarpena salatu nahi dugu. Antixena gaztetxea lokal batekin ezin da alderatu, eta Antixena itxita egotea gazte mugimenduaren aurkako erasoa da", diote kaleratutako oharrean.

"Martxoaren 27an, Korrikaren egunean, ezarritako debekuaren erruz, Antixenako ateak itxita daude gaur gaurkoz. Egun horretan hainbat kultura ekintza antolatu genituen gaztetxean, AEKrendako dirua lortzeko.  Ertzainak hiru kide identifikatu zituzten, eta segurtasun neurriak ondo betetzen genituela ikusi arren, janaria eta edaria saltzeko lizentziarik ez geneukala argudiatuta etorri zen debekua. Bi egunetara, Ertzaintzak Antixena ixteko agindua eman zuen ofizialki jarduerarik ez daukan eraikina dela esanez, eta gazteon lokal batekin alderatu daitekeela argudiatuta. Beraz, alarma egoeran itxita egon beharko litzatekeela adierazita. Antixena itxita egotea, ordea, gazte mugimenduaren aurkako erasoa dela argi dugu", azaldu dute.

"Gazteon etxea baino askoz gehiago"

Antixenako kideek adierazi dute, gaztetxea formakuntza etengabea eskaintzen duen ikastetxea dela; adin ezberdinetako jendearen topaleku, borroka, festa eta lana uztartzen dituen esparrua dela; kulturaren indargune eta plaza dela; oñatiarrak beste komunitate batzuekin harremantzeko zubia dela; eta oñatiarrei loturik dagoen etxe biziduna dela.  Kultura segurua dela aldarrikatu dute gaur arratsaldeko prentsaurrekoan.

Mobilizazioak

Bihar, zapatua, 17:30ean bi taldek kontzertua eskainiko dute azokan: Inguma eta Larru beltzak taldeek. Segurtasun neurriak hartuko dituzte eta edukiera mugatua izango da. Sarrerak salgai jarriko dituzte zapatuan, 12:30ean plazan. 20:00etan manifestazioa abiatuko dute plazatik.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak