Antixena gaztetxeko Korrika Egunean saltzekoa zen janaria Oñatiko batzokiaren kanpoko aldean bota dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mar. 28a, 18:55

Janaria lurrean eta kartelak horman, Oñatiko batzokian.

Sare sozialen bitartez salatu dute gertatutakoa Oñatiko EAJko kideek. "Nazkatuta gaude!", adierazi dute. Oñatiko Uribatzarreko presidente Angel Biainek gaineratu du ez dituela halako jarrerak ulertzen, eta egileei eskatu die pentsatzeko zertan ari diren. "Guk ere laguntzen ditugu AEK eta Korrika", esan du.

Lurrera botatako janaria agertu zen atzo iluntzean Oñatiko batzokiaren kanpoko aldean, eta horrekin batera AEK-rentzat dirua ateratzeko zen janari hau dioten kartelak. "Nazkatuta gaude!" adierazi dute Oñatiko EAJko kideek. Azaldu dutenez 19.00ak aldera izan zuten gertatutakoaren berri, eta Mankomunitateko Zerbitzuak-ek garbitu zuen batzoki ingurua gauerdi partean.

"Nazkatuta eta nekatuta gaude", azaldu du Oñatiko Uribatzarreko presidente Angel Biainek. "Edozer gertatzen dela beti dator gure kontra. Errespetu falta bat da". Biainek gaineratu du Oñatiko EAJ-k ere babesten eta laguntzen dituela AEK eta Korrika. "Egileei eskatzen diet pentsatzeko zertan ari diren. Dena zikintzea ez da soluzioa. Jarrera horiekin ez goaz inora".

Korrika Eguna, atzo, gaztetxean

Korrika Eguna egitekoak ziren, atzo, Antixena gaztetxean. Egitaraua hastear zela, ordea, ertzainak bertaratu ziren. Antixena asanbladako hiru lagun identifikatu zituzten, eta horrekin batera janariak zein edariak banatzea debekatu zuten lizentziarik edo baimenik ez zegoelako. Hala, barra zerbitzu barik egin zituzten kontzertuak gaztetxean. Nikotinak egin zuen emanaldia 13:00etan, eta Kai Nakai musikariak 18:00etan.

Zantzu guztien arabera Oñatiko batzokiaren kontra botata amaitu du atzoko Korrika Egunean saltzekoa zen janariak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak