Gaurko antolatutako ekintzak zirela-eta, Antixena gaztetxean izan da Ertzaintza

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko mar. 27a, 16:00

Nikotina taldeak emanaldia egin du Antixena gaztetxeko kanpoaldean. Argazkia: A.G.

AEK-rentzako dirua biltzeko asmoz, Korrika Eguna antolatu dute Antixena gaztetxeko kideek, bi kontzertu eta bestelako ekintzak proposatuta. Egitarauarekin hastear zirela, bost ertzain gaztetxeraino hurbildu eta "asanbladako hiru kide identifikatu eta edariak eta janaria zerbitzatzea galarazi dietela" salatu dute Antixenakoek. Bihar, domeka, elkarretaratzea egingo dute Foruen plazan, 13:00etan, Gaztetxearen aurkako erasorik ez! lelopean.

Sare sozialetan zabaldu duten oharraren bidez horrela azaldu dute Oñatiko gaztetxeko asanbladako kideek goizean gertatutakoa: "Ohi bezala, segurtasun neurri zorrotzak mantentzera eta  mantendu araztera konprometitu gara, horrelako kultura egitasmoak eskatzen dituen neurriak hartuta. Egitaraua airea librean antolatu dugu, beste barra bat egokitu dugu jende pilaketak ekiditeko eta antolakuntza lanetarako jende gehiago lotu ere bai, segurtasun neurriak ondo betetzeko".

Antolatzaileek adierazi moduan, 11:00etan, bost ertzain hurbildu dira gaztetxera. "Arduradunengatik galdetu ondoren, asanbladako hiru kide identifikatu dituzte. Ertzainekin negoziatu ondoren, lizentziarik ez dugunaren aitzakia hartuta, eguna zapuztu eta edariak eta janaria zerbitzatzea debekatu digute. Ondorioz, jarri dizkiguten traben ondorioz, ezin dugu nahi genuen moduan –aurten Korrikarik egingo ez denez–, AEK-k horren beharrezkoa duen dirua lortu".

Bihar, domeka, elkarretaratzea egingo dute Foruen plazan, 13:00etan, Gaztetxearen aurkako erasorik ez! lelopean.

Kontzertuekin aurrera

Ertzantzatik baieztatu egin dute gaur goizean Antixena asanbladako hiru lagun identifikatu dituztela baina gaineratu dute, "segurtasun neurriak betetzen ari zirela ikusi  dutenez, ekimeneko antolatzaileei kontzertuekin aurrera egiteko aukera eman dietela"; hori horrela, 13:00etan Nikotina taldearen emanaldia izan da, eta 18:00etan hasiko da  Kai Nakai musikariarena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak