Proiektu interesgarria izan da; izan ere, askotariko alorrak landu dituzte gazteek. Baginen liburua oinarri hartuta historiak isildutako hainbat euskal emakumeren bizitza ezagutu dituzte, eta zazpi mikro-antzerki egiteko aukeraketa egin behar izan dute. Gero, istorio horiek antzerkira ekartzeko ariketa egin dute, testuak eta mugimenduak ikasi dituzte, Olatz Pagaldai aktorearen proposamenak entzun eta jaso, jantziak eta atrezzoa prestatu, emanaldia deitu, jendaurrean antzeztu... Proiektuari Ginelako Gara ipini diote izena, eta gaurko emanaldi amaieran pozik zeuden ikasleak, irakasleak, Olatz Pagaldai zein Setem Hego Haizea GKEko ordezkariak. Eta publikoa ere bai.
Aukeratutako emakumeak eta gertaerak
Garai ezberdinetako askotariko pasarteak ekarri dituzte Elkar Heziko ikasleek: Lyceum Klubeko emakumeak, erresistentzia sareetan ibilitako Kattalin Agirre eta Kasilda Hernaez, lehen emakume albaitari Luz Zaulduegi, Eulalia Abaitua argazkilaria, Maurizia Aldeiturriaga pandero-jolea, sorgin izateaz salatuak izan ziren Inesa Gaxen eta Graxiana Barrenetxea edo harreman homosexualak izateaz salatuak izan ziren Katalina Belunza eta Martitxu Oiartzungoa... Gutxi izango ziren publikoan emakume horien guztien berri zutenak. Ikasi, beraz, denek egin dute.
Antzezlan ibiltaria behar zuen, baina Lazarragan eskaini dituzte, azkenean, mikro-antzerki guztiak. Ordubete pasatxoko saioa izan da.
Goiena telebistak ekimenaren inguruko erreportajea eskainiko du astelehenean. Proiektuko hainbat protagonistek izango dute ahotsa.