Arantzazuk jakintzaren erreferentziazko topagune izaten jarrai dezan

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 27a, 11:00

Gandiaga topagunea berritua izango da Arantzulab-en etxea. (Argazkia: Ander Gillenea)

Euskal Herriaren etorkizuneko "erronka konplexuei modu komunitarioan eta gizatiarrean erantzuteko" bokazioz sortu da Arantzazulab. Hori lortzeko, herritarren parte-hartzea, ikerketa eta esperimentazioa izango dira laborategiaren lanabesak.

"Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko Arantzazu erreferentziazko berrikuntza topagune bihurtzea" da Arantzazulab-en xedea; betiere, herritarrak ahaldunduz eta inplikatuz. Gizartearekin lotutako behar horiek gori-gorian dauden unean dator laborategiaren sorrera.

Alde batetik, egoera sozioekonomiko berezia. Etengabe eta ziztu bizian aldatzen ari den gizarte batean era honetako laborategi baten beharra nabaria izan daiteke, eta horri mundu mailako pandemia batek utzitako egoera zaila gehituz gero, are nabariagoa.

Naiara Goia: "Erreferentziazko berrikuntza nodo izan nahi dugu"

Bestalde, Arantzazuren egoera ere hor dago. Hainbat mendetan Arantzazuren zaindari izan eta gero, frantziskotarrak ez daude unerik goxoenean. Hogei kide inguru daude orain, adindunak gehienak, eta belaunaldi berriek lekukoa hartzeko zailtasun handiak dituzte. Hala, osagai horiekin guztiekin, une estrategikoan dator Arantzazulaben eraketa. Partaideak eta sorrera Arantzazuren geroari buruzko gogoeta partekatua egin ondoren, pisu handiko honako partaide hauek erabaki zuten Arantzazulab sortzea: Gipuzkoako Foru Aldundia, Oñatiko Udala, Mondragon Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotar Probintzia: "Egitasmoak bat egiten du historian zehar Arantzazuk izan duen izaera herrikoi eta berritzailearekin. Euskal Herri mailako artearen, musikaren, literaturaren, arkitekturaren, euskararen, tradizio humanistaren, erlijioaren eta espiritualtasunaren gune eraldatzaile eta berritzaile izan da Arantzazu. Beti izan da abangoardia, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu", diote sortzaileek.

Naiara Goia, punta-puntako teknologiak dituen konferentzia gela batean. (Argazkia: Ibai Zabala)

Unibertsitateen elkarlana

Baina aipatutako partaideez gain, besteak beste, Euskal Herriko hiru unibertsitateek parte hartuko dute laborategiaren Aholku Batzordean, eta "orain arte sekula izan ez den mugarri bat" dela dio Naiara Goiak, laborategiaren zuzendariak. "Ikerketarako topagune bat izan nahi dugu, eta, horretarako, elkarlanean oinarritutako ikerketa baten aldeko apustua da gurea. Gure lurraldeko hiru unibertsitateek elkarlanean parte hartu dute laborategiaren diseinuan: Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak. Mugarritzat har daitekeen gertaera da, eta egun, laborategiaren Aholku Batzordean ez ezik, Arantzazulabek sustaturiko ikerketarako kooperazio espazioan ere eragile aktibo dira. Ezagutza sortzeko elkargune izan nahi dugu, ikerketan lehiatuz baino gehiago, indarrak batuz eta kolaborazio espazioak sortuz", azpimarratu du Goiak.

Hiru unibertsitate horiez gain, Eusko Ikaskuntza, Telesforo Monzon eLab, Agirre Lehendakaria Center eta Arantzazuko Adiskideak erakundeak ere izango dira Aholku Batzordeko partaideak.

Molde berrien beharra

Etorkizunean euskal gizarteak izango dituen erronka nagusiei erantzuteko molde berriak behar direla argi ikusi dute hasieratik laborategiko partaideek. "Bizi dugun eraldaketa sakoneko garaian, herri bezala ditugun gizarte erronkei aurre egin behar diegu. Eta erronka horiei modu berritzailean eta ikuspegi berriarekin erantzuna emateko sortu da Arantzazulab: herritarrak eta erakundeak ahaldunduz eta eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatuz".

Argi dute etorkizuneko erronkei erantzuteko orduan "gutxi" erreparatzen zaiola "giza faktoreari", eta hor eragitea izango da zereginetako bat: "Gizartea eraldatzeko beharra entzuten dugu sarri, baina hori lortzeko, lehenik eta behin, gizakiok eta norbanakook aldatu behar dugu. Erronka berri horiei aurre egiteko, ezagutza berriak barneratu behar ditugu, balio berriak ere bai, eta baita gure artean harremantzeko modu berriak ere. Norbanakoen trebakuntza hori funtsezkoa izango da, eta Arantzazulab horretarako espazio bat izango da", dio Goiak.

Lau ardatz estrategiko

Elkarbizitzan, ongizatean, lan arloan, klima aldaketan eta halako gaietan gizarte lehiakorrago eta justuagoa lortzeko egingo dute lan, eta horretarako lau ardatz estrategiko definitu ditu laborategiak.

Naiara Goia: "Gobenantza kolaboratiboa sustatuko dugu"

Garapen komunitarioa da horietan lehena: "Euskal gizartearen beharrizanak ulertuz, herritarren inplikaziotik heldu nahi diegu gizarte erronkei, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik abiatuta. Eta horretarako, herritarrei entzuteko, deliberaziorako, partaidetza prozesuetarako eta, oro har, komunitatea ahalduntzeko, joera eta tresna berrien inguruko ikerketa, esplorazioa eta esperimentazioa egingo dugu".

Sareratzea eta elkarlana da bigarrena. "Gure herriko erakundeekin, elkarteekin, gizarte eragileekin, politika eta herriekimenekin lan egingo dugu, testuinguru berrietara egokitzen laguntzeko eta lan egiteko modu berrietara eramateko. Elkarren arteko osagarritasunetik abiatuta, egiten dugun horrek eragin handiagoa izan dezan".

Hirugarrena irekiera eta nazioartekotzea da: "Arantzazutik, mundura begira, gizarte erronkei aurre egiteko lan egiten dugu. Eta, horretarako, ezinbestekoa da nazioarteko eragile erreferenteekin lankidetza sareak jostea, esperientzia aurreratuetatik ezagutza hartzea eta eragin ahalmenak batzea. Eta aitzindariak garen horretan gure herria posizionatzea ere nahi dugu".

Laugarren ardatza, aldiz, ikerketa, formakuntza eta sozializazioa izango dira: "Ikerketa eta ezagutza dira Arantzazulaben oinarrietako bat. Etorkizuneko erronkei aurre hartzeko eta eraldaketa sustatzeko, ezinbestekoa da ikerketa berritzaileak, ausartak eta sendoak garatzea, eta, horretarako, hain zuzen, kooperazio espazio berritzailea sortuko dugu".

Jarduera zehatzak

2020ko uztailean hasi zen laborategia lehen urratsak egiten, eta une honetan zazpi lagun ari dira bertan lanean. "Era honetako esparru abstraktu eta ezukigarri bati buruz ari garenean, kosta egiten da irudikatzea zein izango den bertatik irtengo den emaitza edo produktua. Deliberazio eta partaidetza prozesuak garatuko ditugu, eta horietan, bereizgarri gisa, ikuspegi eta tresna berriak txertatu eta haiekin esperimentatuko dugu.

Naiara Goia: "Molde berriak behar dira erronka berriei erantzuteko"

Formakuntza programak eta heziketa-guneak jarriko ditugu abian, baita esperimentazioan oinarritutako proiektuak ere. Bertan batutako jakintza gizarteari helarazteko, hitzaldiak, ikastaroak eta jardunaldiak antolatuko ditugu. Herritarrak, gazteak, adinekoak, iritzi liderrak, ekintzaileak, ikerlariak, erakundeak, gizarte eragileak, frantziskotarrak aktibatuko ditu Arantzazulabek.

Gandiaga eraberritua

Arantzazuk biziko duen "aro berriak espazio berri bat behar" zuela ulertu zuten hasieratik, eta Gandiaga Topagunean hainbat aldaketa egin dituzte. "Hasieratik argi ikusi genuen, Arantzazuk modernizatzeko eta egungo garaietara egokitzeko beharra zuela. Arantzazuk beti izan du kolore askotako pertsonak erakartzeko indarra, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Ez dugu nahi bakarrik gizarte berrikuntzari lotuta gerturatzea, baita paraje paregabe honek duen edertasunaz, ondare kulturalaz eta historiaz gozatzeko. Bezeroak hona erakarri nahi ditugu Gandiagak eskaintzen duen espazio paregabean euren ekitaldiak egin ditzaten. Horretarako beharrezkoa zen Arantzazuk garai berrietara egokitutako eskaintza integratua bat edukitzea, eta horretarako egokitu dugu Gandiaga gunea; Pandemiak oso agerian utzi du bideo-deiek duten indarra. Beraz, mundura zabaltzeko eta konektatzeko ezinbestekoak diren baliabideak jarri ditugu, espazio fisikoaren muga hori erlatibizatzeko".

Naiara Goia, Oteiza auditorio berrituan, aurkezpenak egiteko pantaila baten aurrean. (Argazkia: Ibai Zabala)

Aldaketa horren adibiderik garbiena Oteiza auditoriumean ikus daiteke: "Erabateko aldaketa egin dugu gune horretan. Espazioa handitu dugu, eta espazio zuri eta neutro bat egin dugu bertan. Arantzazulabez gain, bestelako bezero batzuek erabiltzeko gune bat da: jardunaldiak egiteko, formakuntzetarako... bakoitzaren beharretara moldatzeko gaitasuna izango du aurrerantzean. Espazio multifuntzionala izango da, eta munduarekin konektatzeko punta-puntako baliabide teknologikoak izango dituena".

Arantzazutik nazioartera

"Arantzazutik mundura, eta mundutik Arantzazura". Filosofia horrekin jaio da Arantzazulab, eta jada hasi dituzte harremanak mundu mailako beste erakunde batzuekin. Gobernantzaren esparruan, adibidez, eragile hauekin hasi dituzte hasierako harremanak: The Governance Lab; Advanced Consortium on Cooperation, Conflict and Complexity – Earth Institute, Columbia University; eta Observatory of Public Sector Innovation, OCDE. Herrigintzan eta parte hartzearen esparruan, besteak beste, Australiako hiru erakunde hauekin: CQ University Australia; The Australian Centre for Social Innovation (TACSI); eta The Yunus Centre, Griffith University. Beste esparru batzuetarako, Heilderberg University, Trier University eta VID Oslo University erakundeekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak