Manuel Umerezen eskuizkribuak digitalizatu dituzte

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko mar. 25a, 07:01

Manuel Umerez Goribargoitia apaiz oñatiarrak XIX hasieran oñatieraz idatzitako eskuizkribuak digitalizatu ditu Oñatiko Udalak Gipuzkoako Artxiko Historikoaren laguntzarekin, herriko hainbat eragilek eskatuta. Sarean jarri dituzte orain edonork irakurtzeko moduan.

Ezagunak ziren Manuel Umerez Goribargoitiak (1757-1818) XIX. hasieran euskaraz, oñatieraz, idatzitako eskuizkribuak. Oñatiko Olabarrietan auzoko Arrazolatarren etxean egon dira eskuizkribuak gordeta, Prudencio Arrazola Umerez-en bitartez helduta. "Gurean beti jakin izan dugu liburu edo eskuizkribu hauen berri eta euren balorea. Aurretik ere etorri izan dira ikustera eta digitalizatzeko proposamen hau jaso genuenean ez genuen zalantzarik izan, zabaldu egin behar da", adierazi du atzoko aurkezpen ekitaldiaren ostean liburuen jabe den Jose Ramon Arrazola oñatiarrak.

Gipuzkoako Artxibo Historikoan izan da aurkezpena.

Duela 40 urte baino gehiago joan ziren herritar batzuk liburua ikusi eta zabaltzeko ideiarekin Arrazolatarrengana. Jerardo Elortza zen horietako bat: "Gogoan dut Reyes Korkostegi alkate zela ibili ginela ideia horrekin, udaletxean oraindik fotokopiagailurik ez zuten garaian. Garrantzia handiko eskuizkribuak dira. Egia da egilea apaiza zela eta erlijio kontuak asko ageri direla, baina dena ez da erlijioa. Orduko bizimodua, janzkerak, sineskeriak, ohiturak, txokolatea... gauza asko datoz liburuetan. Egun pozgarria da hau niretzat". Elortzak eskuizkribuetako bat transkribatu egin zuen eta Oñatiko Udalaren webgunean kontsultatu ahal izan da denbora luzez; atzotik aurrera, bi liburuak kontsulta daitezke orain.

Manuel Umerez Goribargoitia-ren eskuizkribuak.

XIX. mende hasierakoak dira eskuizkribuak, 1805ekoa lehendabizikoa. Eta osabak ezkondu berria den iloba bati eta lagun nekazari bati idatzitako bi liburu dira: Osaba baten instruccionac bere Illoba Ezcondu eta Necazari batentzat bere eta bere Familiaren gobiernu oneraco Jaungoicoaren Legue santubagaz conforme eta Errectore Jaun baten instruccinuac ezconduric vizi dan bere Adisquide Necazari batentzat bere eta bere Familiaren gobiernu oneraco Jaungoicoaren Legue santubagaz conforme. Liburu biek orri kopuru antzerakoa dute, 441 batek eta 478 besteak. Bigarren horrek, baina, askoz hitz kopuru gehiago ditu, letra txikiagoarekin idatzita baitago eta apenas dagoen espaziorik lerroen artean. Mitxelenak eta Villasantek, besteak beste, aipatu izan dituzte eskuizkribu hauek eta Oxel Uribetxebarria eskoriatzarrak bere tesiko gai hartu ditu: "Garai hartako tamaina honetako euskarazko liburu bakarrak dira eta duten balioa eta garrantzia handiak dira. Horregatik erabaki dut nire tesia eskuizkribu hauei buruzkoa izatea".

Arrazola, Uribetxebarria, Olalde eta Martin.

Uribetxebarriak adierazi duen moduan, Elortzak egindako lan handiari esker dakigu zeinen eta noizko liburuak diren, berez ez baitute ez datarik ez egilearen izenik. Itxurak, tamainak eta erabilitako paperak ere informazio iturri izan dira datak zehazteko. "Liburu laurdena deritzo tamaina honetako aleei eta hori oso ohikoa zen garai hartako idatzi ez publikoetan -publikoek folio tamaina izaten zuten-. Bestalde, XVIII. mendeko papera oihalez egiten zen, errotetan birrindu, plantxak pasa eta lehortu, eta berezko marka batzuk gelditzen ziren. Liburuetako batean garai hartako Frantziako papergile -Brun- baten hizkiak ere ageri dira. Guretako, egia esan, oso lan pozgarria eta erraza izan da. Pozgarria herriko eragile batzuen eskaera izan delako eta jende gaztea dagoelako tartean, historiaz edo ondareaz interesa agertu duena, eta elkarlana izatea pozgarria izan da oso. Eta erraza, Arrazolatarrek ez digutelako inolako oztoporik jarri, kontrara, liburuak eskuetan zituela etorri zen gure nahia zer zen azaltzeko deitu genionean. Oñati dabilen herria dela ondo ikusten da ekimen honetan", azaldu du Gipuzkoako Artxibo Historikoko arduradunak, Ramon Martinek.

Hamar egunetan, otsaila eta martxoa artean, digitalizatu dituzte eskuizkribuak Gipuzkoako Artxibo Historikoan.

Hain zuzen ere herritarren eskaera hori eta elkarlanerako denek izan duten prestutasuna nabarmendu eta eskertu du Iñaki Olalde kultura zinegotziak ere: "Oñatin badaude herriko historia, etnografia, batzeaz eta bilatzeaz arduratzen diren herritarrak eta eskerrak eman gura dizkiet Udalari esatearren badaudela hemen jaso beharreko kontuak". Gure Bazterrak, Artixa, udal liburutegia eta udal euskaltegia izan dira eskuizkribu hauek digitalizatzeko eskaera egin diotenak Udalari.

Proiektuan parte izan diren herritarrak ere izan dira aurkezpenean.

Bi eskuizkribuak artxiboan egongo dira datozen egunetan gura duenak gertutik ikusi; apirilaren 9ra arte egongo dira eta artxiboaren ordutegi barruan joan ahal izango da ikustera. XVI. mendeko euskaraz idatzitako amodiozko poema ere ikusgai egongo da. Eta atzotik sarean ere kontsultatu eta irakur daitezke Umerezen eskuizkribuak: Oñatiko Udalaren web gunean eta Gipuzkoako Artxibo Historikoaren web orrian. Jasotakoa sarean eskegi dute orain eta Olaldek esan duen moduan, "liburuak erabiltzeko eta irakurtzeko dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak