Oñatiko gaztelekua 'Zuk Zeuk' lehiaketako finalisten artean dago

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 22a, 20:12

Eider Mendoza eta Nora Kortaberria. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Garapen jasangarriarekin lotutako "ginkana erraldoi" moduko bat da Zuk Zeuk; Euskal Herriko 900 gaztek hartu dute parte, eta arlo pribatuko zein publikoko elkarte babesleek jarritako erronkei egin diete aurre. 300 gaztek lortu dute aste honetan jokatuko den finalera pasatzea, eta horien artean daude Oñatiko gaztelekuko erabiltzaileak; 30.000 euro banatuko dituzte saritan. 

300 gazteak 20 taldetan banatuta egongo dira, eta plataforman zehar erronkaz erronka ibiliko dira puntuak biltzen. Talde hauek, 700 eurotik hasi eta 1.000 euro arteko sariak izango dituzte. Hauek dira ikastetxe, elkarte eta gazteleku finalistak:

  • Beasaingo Andramendi Ikastola
  • Elgoibarko Elgoibar Ikastola
  • Debako gaztelekua
  • Oñatiko gaztelekua
  • Zegamako gaztelekua
  • Lezoko Ttakun Kultur Elkartea
  • Urretxuko Ugle Lanbide Eskola
  • Amorebietako Lauaxeta Ikastola
  • Gernikako Seber Altube Ikastola
  • Lekeitioko Lekeitio BHI
  • Santurtziko Calasanz Ikastetxea
  • Bilboko Jesus Maria Bilbao Ikastetxea

Gai hauetako hainbat lerro jorratu dira Zuk Zeuk lehiaketa osoan zehar, bakoitza babesle den eragile hauetako batek proposatuta eta garapen iraunkorreko helburuekin lotuta. Hona hemen adibide batzuk:

  • Elkartasuna, Laboral Kutxarekin.
  • Goserik eza, Hazirekin.
  • Ekoizpen eta kontsumo arduratsua, Ausolan Fundazioarekin.
  • Mugikortasun iraunkorra, Mugirekin.
  • Bizitzarako gaitasunak, Edex Fundazioarekin.
  • Etorkizuna sortzen, Mondragon Team Academy, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, IMH eta IED Kunsthal Bilbaorekin.

Finala, berez, Donostian presentzialki egitekoa zen, baina osasun egoera ikusita bide telematikoen bidez jokatuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundian gaur goizean egindako prentsaurreko baten bidez eman dituzte finalaren xehetasunak; bertan, Aldundiko Gobernantza diputatu eta bozeramaile Eider Mendozak adierazi du Nazio Batuek 2015ean onartutako Agenda 2030 gazteei helarazteko trena garrantzitsua dela Zuk Zeuk: Gure lurraldea konprometituta dago agenda global berri horrekin, helburutzat baitu pobrezia desagerraraztea, desberdinkeria murriztea, planeta babestea eta pertsona guztien onura bermatzea. Helburu hori lortzea gizarte osoari dagokio, eta esparru horren barruan, Feel My Way kooperatibak antolatzen duen Zuk Zeuk lehiaketa bezalako ekimenak norabide egokian doaz".

Ekimena antolatu duen Feel My Way kooperatibako Nora Kortaberriak gehitu duenez, "helburu asko" lortu dituzte ekimen honekin. "Alde batetik, iraunkortasunari loturiko gaiei buruz pentsarazteko balio izan du esperientziak, eta baita egunerokotasunean dauden mugak egon arren, taldean aisialdiaz gozatzeko plan eta ekintzak egin daitezkeela erakusteko ere. Eta bestetik, bidaien finantziazioari begira, beti egin izan ohi diren errifa, bonboi eta jertseen salmenta aurten zaildu egin denez, kezka bat den finantziazioaren gaiari alternatiba bat aurkezteko lehenengo pausua eman da". 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak