Hirigintza da Oñatiko EH Bilduk antolatutako 'Hamar gai hamaika berba' hitzaldi sortaren barruan apirilean egingo duten solasaldiaren gaia. Doan da baina komeni da sarrerak aurretik hartzea hemen edo Txokolateixan. Dunak taldeko Koldo Telleria Andueza da parte hartuko duenetako bat.
Pertsonengan oinarritutako hirigintza. Zertan oinarritutakoa egin da orain arte?
Gizartearen garapen ekonomikoa egon da erdigunean orain arte. 1930eko industrializazioak hiriak makinak bezala eraikitzea ekarri zuen, gizonezko zuri aberatsa erdigunean zuena. Baina ez dira kontuan hartu zaintza lanak, ingurugiroa, osasuna eta halako arloak.
Ez-ekonomikoak gura duzu esan?
Harremanak, konfiantza kolektiboak eta halako balioak behar ditugu. Feminismotik egindako ekarpena izan da, adibidez, orain arte beti emakumeen gain egon diren lanak egiteko, zaintza edo erosketak, esaterako, oso desproportzionalizatuta daudela kaleak, %80 bat autoendako eta %20 bakarrik oinezkoendako. Berdinduagoa egon beharko luke aldeak, orain arteko rolak parekidetuz eta lantegira zein zaintza lanak egitera doanak erosotasun berak izan ditzan.
Horrela ikusten duzu Oñati ere?
Hirietako erdiguneetan bereziki zaindu behar da hori. Oñatin, esaterako, herri barruan ibiltzeko ez da autorik behar, oinez ondo molda zaitezke.
Gauza bera gertatzen da etxebizitzetan ere?
Etxeak handiak izan daitezke, baina atariak eta inguruak oso estuak dira, adibidez. Gaur egun, ez dago espazio komunik eta pertsonok elkarlaguntza behar dugu, eta, hirigintzatik ikusita, ezagutzen dugun eredu orokor honek ez du zentzurik. Badaude adibideak, hala ere, etxebizitza kooperatibetan, esaterako.
Noiz hasiko da hau guztia aplikatzen?
Hirigintza legea da; 1980ko hamarkadan irisgarritasun legea sartu zen eta ordutik ari dira kaleak moldatzen. Orain, generoaren, hizkuntzaren eta ingurugiroaren azterketa egiteko eskaera ari da zabaltzen.
