Indartsu hasi da Oñatiko Beratu musika jaialdiaren laugarren edizioa. Santa Ana aretoan izan da lehen hitzordua; hitzordu bikoitza, gainera. Habia taldeak izan du laugarren edizioari hasiera emateko ohorea, eta Iparraldetik etorritako hirukoak biolina, biola eta biolontxeloa bezalako hari instrumentuekin eta euren ahotsarekin goxatu dute gaurko iluntze hotz eta ezatsegina. Ahotsekin jolastuz eta abesti herrikoiak eta euren sorkuntzakoak nahastuz harrituta eta gustura utzi dute publikoa.
Gero etorri da Hannot Mintegiak zuzendu eta Aitor Etxebarriak musikatu duen Markak dokumentalaren txanda. Hasiera batean, iazko udazkenean egindako Beraturen hirugarren edizioan ziren eskaintzekoak Gernikaren bonbardaketari buruzko ikus-entzunezkoa. Orduan baina, konfinamendu bat tarteko, Aitor Etxebarriak ezin izan zuen Oñatira etorri asmoa zen bezala dokumentala eman bitartean musika zuzenean jotzeko. Baina gaur bai, gaur kendu du arantzatxoa eta beste bost musikarirekin igo da agertoki gainera, tartean, Eñaut Zubizarreta aretxabaletarrarekin.
Sarrera guztiak agortu dira gaurko saiorako eta aipatzekoa, Iñigo Urkullu lehendakaria ere egon dela gaur Santa Anako emanaldiak jarraitu dituen publikoaren artean.
Bihar eta etzi, gehiago
Bihar, zapatua, Anna Andreu eta Valls & Band igoko dira Santa Anako agertoki gainera 18:00etan hasiko den kontzertuan. Etzi, domeka, 13:00etan Aitor Etxebarriak emanaldia eskainiko du Santa Anan; 18:00etan, aldiz, Ana Arsuagaren Verde Prato proiektuaz gozatzeko aukera egongo da Antixena gaztetxean.