Zotzak egiteari utziko dio Betik enpresak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko mar. 11a, 17:59
Lezesarri auzoan dagoen Betik enpresaren eraikina.

Azkoagain parean dagoen eraikinean duen ekoizpen negozioa eten egingo du enpresak hil honen amaieran. Komertzializazio negozioa ere badu Betik-ek eta horrek indarrean jarraituko du. Ekoizpeneko langile batzuk beste negozio horretan birkokatuko dituzte.

"Merkatuan izan den zotzen jaitsiera nabarmena kontuan izanik", Oñatiko Betik enpresak herrian duen ekoizpen linea itxi egingo du hilaren amaieran. Aldiz, komertzializazio negozioarekin aurrera jarraituko dute.

Lezesarri auzoan, Azkoagain parean dagoen eraikinean dago, duela 80 urtetik, ekoizpen linea. Herriko jende askok egin du urte askotan bertan lana. "Baina garai berriak iritsi dira, eta egoera asko aldatu da. Itxieraren arrazoiak hainbat dira, eta ez da bata bestea baino garrantzitsuagoa. Agian nagusiena, bertan egun lanean diharduten langile gehienak aurre-jubilatu egingo direla eta etorkizun gutxiko negozioa izango delakoan ixten ditu ateak ekoizpen lantegiak", diote enpresako ordezkariek. Dena den, gainerako langileak komertzializazioko biltegiko lanetara pasako dira. Komertzializazioa kudeatzen duen negozioak Otadui zuhaiztian du egoitza, eta bertan biltegi eta bulegoko 20 bat langilek egiten dute lana.

Ostalaritzara eta supermerkatuetara zuzendutako produktuak

Betik enpresa 1940 urtean sortu zuten eta harrez gero Oñatin izan du egoitza nagusia. Zotz zapalak egin dituzte urte askotan enpresa horretan, eta horregatik da ezaguna, baina beste produktu batzuk ere egin dituzte, adibidez: medikuek erabiltzen dituzten egurrezko espatulak eta baita izozkiak egiteko erabiltzen diren makilatxoak ere. Azken urteotan, "merkatuaren egoera berriei aurreratuz, eta betiko bezeroen beharrak betetzeko asmoz eta berriei zerbitzu eta produktu aukera zabala eskaintzeko argudioarekin, komertzializazio linea berri baten murgildu da Betik enpresa". Batez ere ostalaritza eta supermerkatuei zuzendurik daude euren produktuak. Bezero gehienak estatu mailan dituzte kokatuta baina Europa eta atzerrian ere nabarmen igo dituzte salmentak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak