Emakumeen aldeko aldarriak, raparen bidez

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko mar. 5a, 10:06

Ziztada & Rlantz bizkaitarrak Antixeneko gaztetxean izango dira. Argazkia: Ziztada & Rlantz.

Bargasta talde feministak eta Ernaik antolatuta, kontzertu bikoitza izango da bihar, Oñatiko Antixena gaztetxean, 17:00etan hasita; taularen gainean Haizea eta Ningra eta Ziztada & Rlantz izango dira. Sarrerak emanaldiaren aurretik salduko dituzte.

Aspalditik zuten Oñatiko gaztetxera hip-hop giroa ekartzeko gogoa. "Ziztada & Rlantz bizkaitarrak lehenagotik ezagutzen genituen, eta orain oso indartsu ari dira Haizea eta Ningra arabarrak. Asko gustatzen zaigu euren musika, eta, bereziki, euren hitzekin bat egiten dugu. Eta zein aukera hobea gurera ekartzeko, Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitarauaren barruan baino. Musikariek ere oso pozik hartu dute proposamena, ez dute-eta, zoritxarrez, horiek ere emanaldi askorik egiteko aukerarik", diote antolatzaileek.

Bi kontzertu izango dira, 17:00etan hasita, 20:00ak bitartean. "Hasiera batean, barruan egitea da asmoa, baina eguraldiagatik, akaso, aldatu egingo dugu. Gaztetxearen kanpoan zein barruan izan, bietan edukiera mugatua izango da, distantziak eta bestelako segurtasun neurriak hartuta".

Reggae kutsuarekin

Irune Elgezabal bilbotarra (ahotsa) eta Amurrioko Erlantz Serrano (base-ekoizlea eta dub-maker) dira Ziztada & Rlantz. "2017an abiatu zuten bidea, eta bederatzi kantuz osatutako Azken argiak da euren azken lana. Gai sozialen bozgorailu dira, eta, musikari dagokionez, dubstep estiloa jorratzen dute, nagusiki; reggaeren aldaera elektronikoa da hori. Estilo horrekin azken bi urteetan sound system kulturan murgiltzeko aukera izan dute, baina kantu berriak jorratzen ere jarraitu dute".

Arabatik bi rap kantari

Nork bere aldetik ibilita, orain dela gutxi egin dute bat bidean eta elkarrekin izango dira Antixeneko taularen gainean Hai-zea Alonso eta Uxue Ning Iturrate Ningra. Alonsok arrakasta polita izan du Nire bala bideokliparekin, eta Hitzak da egin duen azkena. Ningra-k, berriz, Enbor taldearekin egin duen Hazia izenekoa du.

Sarrerak, emanaldiaren aurretik

Ikasleek eta langabeek hiru euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek, bost. Kontzertua bukatutakoan, herriko plazan elkarretaratzea egingo dute, Martxoaren 8ko ekitaldietan parte hartzeko deialdia egiteko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak